33 haurride
Eta gu, hiru seme-alabarekin, familia ugaria garelakoan
Hasan ile-moztailea da. Ile-apaintzaile deitu beharko nioke beharbada, baina ez zait ateratzen. Bezero guztiak ilea moztera joaten zaizkio. Ganbiarra da, gaua baino beltzagoa, umore zoroko moztaka maitagarri bat. Zer moduz dagoen galdetutakoan, erantzun bera ematen du beti: “Hementxe, beltzen moduan lan egiten zuriak bezala bizitzeko!”
Lehengoan ohi baino ilunago sumatu nuen. Aldartez, esan nahi dut. Aita gaixorik daukatela esan zidan. Ez dezaket zehatz esan zer gaitz duen, baina tabakoaren ondorioak omen. Ez erretako tabakoa, sudurretik arnastua baizik. “Rapé” deitzen diote, eta oso ohikoa izan behar du herrialde haietan. Berak sekula tabakorik arnastu duen galdegin nion Hasani. Ezetz erantzun zidan. Aitak zigarreta erretzen harrapatu zuen behin, eta zigorrada bat eman zion. Han omen du arakaitza, bizkarrean.
Ganbian osasungintza publikoak kaka zaharraren parekoa izan behar du, eta neba-arreba guztien artean ari omen dira ospitale pribatu batean ebakuntza egin ahal izateko dirua biltzen. Senide asko izatearen abantaila behintzat badutela aipatu nion. 33, alajaina! Denak aita batenak, baina lau amarenak. Harreman paregabea omen dute lau amek elkarrekin, eta Hasanek berak ere berdin-berdin maite bide ditu denak: “pentsa, duela urte gutxi jakin nuen zein den nire ama biologikoa, eta harritu egin nintzen, beste bat zela uste nuen!”
33 anai-arreba. Gurasoenak zenbatuta, 38 izen, 38 urtebetetze... Irudikatzeak ere lanak ematen ditu. Eta gu, hiru seme-alabarekin, familia ugaria garelakoan.