Ate ondoan hor konpon!
Hiru finantza-erakunderen bat-egitetik sortu zen Kutxabank, eta bakoitzak bere fundazioa du
Erakundeek jarduera-eremu jakinak izaten dituzte. Finantza-erakundeen kasuan, nahiz eta xede nagusia kaudimena, hazkundea eta irabaziak izan, herritarrekiko atxikimendua izan ohi da hori lortzeko oinarririk sendoena, ondoen zaindu beharreko ondarea: konfiantza landu, harreman-sareak garatu, kultur-adierazpenak diruz lagundu... Hiru finantza-erakunderen bat-egitetik sortu zen Kutxabank, eta bakoitzak bere fundazioa du. Hara zer dioten webguneetan. Kutxa Fundazioa: “sinesten dugu gure memoria historikoa gure ondarea dela, eta hori zaintzeko, euskara sustatzearen eta Gipuzkoako kultura-ondarea zaintzearen alde egiten dugu irmo eta erabakitasunez”. BBK Fundazioa: “BBKk euskararekin eta euskal kulturarekin konpromiso sendoa du. Lurralde osoan zehar euskarazko kalitatezko jarduerak eta programazioak bultzatzeko dihardugu lanean”. Vital Fundazioaren euskararekiko konpromisoa lausoago ageri da, baina aipatzen dituzte “Euskararako eta Euskal Kulturarako laguntza” eta zenbait ekinbide zehatzi emandakoak: Arabako Bertsozaleen Elkartea, Araba Euskaraz, GEU Gasteiz Euskaldun Elkartea...
Tokitan geratu dira oinarriok Kutxabank erakundearen lehendakaria, Anton Arriola durangarra, atzerriko talentua erakartzeko zailtasunez mintzatu denean. Euskarak ardaztutako gure hezkuntza arazo dela esan du Poloniatik bost urterako etorri behar duen langilearentzat: “agian hari ez datorkio ondo seme-alabek euskaraz ikastea” (.) “Hezkuntza euskaraz izatea oso zaila izango da haientzat, eta agian ez dira etorriko”.
Arriolak ondorioztatu du poloniarrentzat errazagoa izango dela ingelesez ikastea euskaraz baino. Beharbada zailtasuna baino oztopo handiagoa irudituko zaio kanpoko talentudunen seme-alabek ikasi beharko duten hizkuntza eremu murritzekoa izatea. Beste horrenbeste gertatuko litzaieke Lituaniara edo Estoniara joan behar balute –baina, jakina, haiek estatuak dira–. Nolanahi ere, asaldagarria da Arriolaren hitzei darien hizkuntza-supremazismoa; etsigarria geureaz erakusten duen gutxiespena. Eta gidatzen duen erakundearen eta herritarron arteko atxikimendua mila puska egiteko bidea, orain abian jarriko duten edozein marketing kanpainak nekez onbidera lezakeena. Ai, Antton!