Duela hamalau urte, 2011n, bota zuen Cristiano Ronaldok bere izaeraren isla den esaldia: “Guapoa, jokalari ona eta aberatsa naizelako dira nire bekaitz”. Hamalau urte ez dira alferrik igaro. Orduan munduko jokalaririk hoberenetako bat zen eta Real Madrilen ziharduen. Orain Saudi Arabiako Al-Nassr taldean jokatzen du, munduko ligarik onenetatik urrun. Ona izaten segitzen du, baina haren hanken abiadura, mugimenduen indarra, ez dira lehengoak. Eta urtetik urtera motelduko eta baldartuko da. Ispiluaren aurrean norbere burua ederresten duenak ere arerio du denboraren joana. Tratamenduak tratamendu eta kremak krema, gero eta saguxatarrago mutila. Mundu erdiak inbidia ziola uste zuen sasi-jainkoari bekaitz horren jatorrian leudekeen hiru ezaugarrietako bakarra geratuko zaio aurki: aberastasuna. Zentzurik txiroenean. Harako hark esan zuen moduan, “hain da pobrea, ez baitu dirua besterik”.
Facundo Cabral kantautore, poeta eta filosofo zenaren kantuen zurrunbiloak harrapatu nau, behin behar eta:
No me importa tu dinero,
prefiero mi independencia,
si para tener un sombrero
hay que alquilar la cabeza.
Ni el oro de tu bolsillo,
ni la seda del pañuelo,
ni tu plata, ni tus latas
son el camino del cielo.
Tenés demasiado peso
para poder alzar vuelo...
Pentsamenduek lotura bitxiak egiten dituzte batzuetan, nireek eskuarki. Ez nuke asmatuko zergatik zehatz esaten, baina Ronaldoren egoaren hego gero eta kamutsagoak etorri zaizkit pentsamendura. Tenés demasiado peso para poder alzar vuelo. Eta, beste lotura segurki zentzugabe batek eramanik, otu zait errealitate triste baten ispilu dela egungo hainbat gaztetxok, baita Euskal Herrian ere, Cristiano Ronaldoren planttak egin eta haren izaera mirestea.