Pilota partidetako argazki zaharretan gaurko begiradentzat bitxi diren hainbat ñabardura harrapatzen ditugu. Esate baterako: pilotarien txaketak txapapean. Gaur ere hotzak egoten gara zenbait pilotalekutan, orduan ez zen giro izango. Pilotariak txaketa eta guzti irteten ziren kantxara, halaxe berotzen, eta epaileak txanpona jaurti aurretik erantzi eta txapapean uzten zuten. Hortik dator “txaketarik erantzi gabe irabazi” esamoldea, norbait aise gailentzen denean erabiltzen duguna. Beste zio bat ere bazukeen txaketak han uzteko usadioak: norberaren diru-pixarrak kontrolpean izatea.
Bertso zaharretan bat baino gehiago dira lapurrei eta lapurretei buruzko aipamenak eta istorioak. Txirritaren ateraldia jeniala da: Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela, ta haundiak hor ikusten ditut, paseoan dabiltzala. Sorta denetan aipagarriena Itsua eta sastrea izenekoa da, nolanhi ere. Ale bikainak dira, istorioa bera bezain. Itsu batek eta haren itsumutilak pikondo baten pean gordetzen zuten dirua, eltze batean sartuta. Egun batean dirua falta zitzaiela ohartu ziren, baita ohoina sastrea zela hauteman ere. Irrigarriak dira handik aurrera elkarri sartzen dizkioten ziriak eta esaten dizkioten konplimenduak: zikoitz, laido-emaile...
Eusko Alderdi Jeltzaleak Parisen berreskuratu duen jauregiaren harira, sastrea etorri zait gogora. Telladok, Gamarrak, Ayusok eta Feijook sekulakoak esan dituzte. Borja Semperrek ere senperrenak egin ditu itzulketa opari gisa gera dadin espainiarren iruditerian.
Egoitza nagusia diru beltzez ordaindu zuen alderdia kexu da Gestapok ebatsi eta Falangek eskuratutako eraikina erosi zuenari itzuli izanaz. VOX ere bai. Ideologia oinordekotzan hartu zutenek jabetzei ere eutsi egin nahi. Sastrearen ezpalekoak.