Hispanitatearen eguna sozializatu nahi izan dute Euskal Herrian. Zenbait lekutan jaia kuartelen esparruan ospatzen jarraitzen dute. Intxaurrondon, esate baterako. Mikel Zabaltza hil zuten poliziagune handian inongo arduradunek ez du oraindik hilketagatik barkamendurik eskatu. Bilboko La Salben ere –han torturatu zituztenek ere barkamen-eskearen zain jarraitzen dute– festari eremu pribatuan eusten diote. Gasteizen, ordea, ezertaz lotsatu beharrik ez dutela iruditurik-edo, hesiez kanpoko ospakizuna egin dute. Atzo arropa ongi lisatuekin eta trikornio disdiratsuekin ibili dira guardia zibilak hiriko kaleetan zehar. Santsomendi kuarteleko Primitivo Hernandez koronela pozarren dago:

“Urte askoan lehen aldiz herritarrek ikusi ahal izango gaituzte. Uste dugu gaur egun bizikidetza normalizatua dugula herritarrekin eta gehiago gerturatzeko abagune aproposa dela, ikus gaitzaten, gure interesak zeintzuk diren erakuts diezaiegun”.

Ongi etorri hobeki prestatuan, haien funtzio eta jardunbideei egoki deritzen herritarrei “maite zaituztegu!” esateko aukera eman diete. Ez da izan martxoaren 3ko hilketen desenkusarik –bi polizia-gorputz, baina estatu bat beraren baitakoak–, inor ez zen mikrofonora hurbildu “ez zuen sekula gertatu behar” esateko. Atzokoa minaren sozializazio-ekintza bat izan zen. Berrogei urtez Espainiako polizia-indarren eta armadaren buru izan den errege zaharrari buruzko aipamenik ere ez dute egin, inork ez dio kargu hartu etengabeko iruzurrengatik eta legez kanpo aberasteagatik. Gurutzatuko balute, erratz-kirtena baino tenteago jarriko litzaizkioke. Haren aferak prentsa arrosaren (prentsa Ana Rosaren) eremura mugatu dituzte, maitale bati isiltasunaren trukean ordaindutako dirutzaren justifikazio eta salaketetara. Bien bitartean, Espainiako gobernua ezkerraren zein eskuinaren esku egonda ere, estatu-sekretuen legeak ez du eguneraketarik. Hor agertuko direnak!

Ertzaintzak isuna jarri dio autoaren matrikulan EH eranskailua zeraman gazte bati. Ertzaintzak, bai. Noiz deabru izango ote gara gero eta atzerako handiagoa ematen duen E horri aurre egiteko gai?