“Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den” kantatzen du Ruper Ordorikak. Guraso izatea zein nekeza ere ez. Seme-alabei mugikorra zein adinetan erosi jakitea ere ez da erraza. “Lagun guztiek daukate; nola jakingo dut non geratu diren?; inkomunikatuta geratuko naiz!” Erosketa albait gehien atzeratu eta erabilera-arauak jartzen saiatu arren, sekula ez dugu izaten ondo kudeatzen ari garelako ziurtasunik.

Badut trantze hori bizi duen lagun min bat, eta semeari jarri dizkioten arauak bidali dizkit, oniritzi eske. Txundituta utzi nau. Honatx arau-sortaren eduki nagusia:

—Telefonoa gurasoona da. Guk ordaindu genuen, erabiltzen utziko badizugu ere. Jakin baloratzen.

—Guk beti jakingo dugu pasahitza.

—Gure deiei eta mezuei beti erantzun.

—Telefono hau ez erabili inor iraintzeko. Inork iraintzen bazaitu, ez sartu joko horretan. Guri jakinarazi eta lagunduko dizugu.

—Errespetatu beste familiak, baita ordutegiak ere.

—Ez erabili telefono hau gezurrak esateko, ezta aurrez aurre esango ez zenituzkeenak esateko ere.

—Ez inori argazkirik atera –are gutxiago partekatu– haren onesepenik gabe.

—Mugikor honen erabilerak eskolako errendimendua jaisten badu, kendu egingo dizugu.

—Oheratu aurretik, beti guri emango diguzu.

—Eskolara ez duzu eramango.

—Telefonoa ondo zaindu ez duzulako matxuratzen bada, zeu izango zara konponketa-gastuen eran-tzule.

—Oporretan eguneko bi ordura mugatuko dugu erabilera.

—Burua goian eraman, ez mugikorrari begira makurtuta. Begiratu munduari, entzun txorien kantua, hartu arnasa.

—Hanka sartzen baduzu, mugikorra kendu egingo dizugu. Elkarrekin eseri eta gertatu denaz hitz egingo dugu. Berriro hasiko gara. Zu eta gu elkarrekin ikasten goaz. Talde bat gara.

Hasieran aipatu ditudan hitzak, Ruper Ordorikarenak, “Zaindu maite duzun hori” kantakoak dira. Horretantxe saiatzen ari dira nire lagun mina eta emaztea. Bikain ari ere, baina... zein nekeza den.