Begitarte argitsua eta irribarre zintzoa iruditzen zitzaizkidaan hireak, ez nian sekula pentsatuko horien atzean haurrei sexu-abusuak egiteko bezain iluna eta doilorra den norbaiten itzala ezkuta zitekeenik. Are gutxiago irudika nezakean hain lizun hitzen edergin baten barrena. Izan ere, horixe hintzen, edergina. Oker nengoen. Inor ez da hiltzen sexu ezagatik. Amodio ezak akabatzen gaitu. Tchaikovskiren patetika poeman idatzi huen hori. 1993ko kontuak dituk, ordurako koskortuak zituan ume zirelarik hire sexu-erasoen biktima izan zirela salatu duten lau emakumeak. Hi haien gainetik, oso gainetik hengoen. Adinez, autoritatez, prestigioz. Eta nagusitasun hori baliatu huen haur tolesgabeak bulegora eraman eta hire poemei darien edertasunaren beste muturrekoak diren gauzak egiteko. Sarritan bururatu zait jadanik ez dagoela maite dezakedan inor, maite nitzakeen guztiak hilik daudela edo beste tokiren batean. Poema berekoa duk hori ere, baina horretan erabat tronpatu hintzen. Askok maite izan hinduten, eta horietako hainbat bizi dituk oraindik. Amiñi bat besterik ezagutu ez hindugunok hainbesteko mina hartu badugu, pentsa ezak zenbaterainokoa hartu izango duten haiek, gizon on baten adiskide zirela sinetsarazi hienek. Kendu dizkiate izendapenak eta ohoreak, errotik erauzi ditek hire ohoretan jarritako eskultura, ez duk gehiago omenaldirik izanen. Ezkia ezkila bilakatu duk, hil-ezkila. Hire edergintzarena, maite hindutenen estimuarena, oroitzapen goxoena.
- Multimedia
- Servicios
- Participación