Urte askoko lehortea izan dute lehen mailako gizonezkoen euskal futbol taldeek. Nerabezaro gorian bizi izan genituen Realaren eta Athleticen titulu loriatsuak, ligakoak bereziki. Realaren autobusa herriz herri nola ibili zen ere gogoan dut, eta Athleticeko jokalariak gabarran ibili zirela eta milioi bat lagun bildu omen zirela ospakizun hartan.
Pandemiak urardotu zituen Realak orain hiru urte irabazitako koparen ospakizunak, Athleticen aurtengoak ez du horrelako trabarik izan. Ezta bestelakorik ere. Jendearen eta sentipen zuri-gorrien olde gainezkatuaz harago, irudi luke zenbait arlotan denborarik ez dela igaro. El Correo egunkariak, 40 ez ezik, 60 urte atzerago eraman nahi izan gaitu, Patxi xaharraren garaietara: malabarak egin ditu une eta perspektiba egokiaren bila, azaleko argazkian gabarra ikurrinik gabe ager zedin. Udaletxeko ospakizunetan, ostera, zenbait hamarkadatan garatutako hizkuntza-politikarik eta protokolorik ez genuen atzeman.
Auskalo zenbat bilera eta lan egin dituzten azken asteotan: gabarrak hondoratzeko arriskurik ez duela bermatu, margotu eta dotoretu; Ibaizabaleko ontzien kopurua mugatu eta tasak ezarri; ibaiaren bi hegietako herrietako udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa landu; segurtasuna bermatzen laguntzeko prest ziren ehunka boluntariori jarraibideak eman; Bilboko Udaletxeko balkoia eta inguruak atondu eta apaindu... Ez dirudi, ordea, inongo bileratan aztertu zutenik nor zen zeremonia-maisu izateko jokalaririk egokiena, nori eman behar zitzaion mikroa gidari lanak egin zitzan. Edo bestela bulegoren batean ahaztu egin zaie zein talderen buruzagi diren, zein herriren erakusgarri izan nahi luketen. Ekitaldiak berak ukatu zituen, zoritxarrez, Asier Villalibreren hitzak, gernikarraren aldarria ur tantatxo bat baizik ez zen izan erdal itsaso hartan. Gabarra ez zen hondoratu, euskara ito egin zen.