Athleticek bart jokatu du Sevillan Kopako finala –nik artikulu hau idatzi dudanean partida hasi gabea zen, baina harrigarria da zuri-gorriek lehiaketa horrekin duten kimika–, eta milaka euskal zale joan dira hartaz eta haren ingurumariez gozatzera. Sanlucar de Barramedara joan diren zale batzuek kaleko saltzaile batekin egin dute topo. Senegaldarra da eta kamiseta zuri-gorria darama soinean. Ez da harrigarria, mundu osoko saltzaileen helburu nagusia erostunak limurtzea izaten da, eta taktika ona da senegaldarrarena. Haren limurtze-gaitasuna inork pentsa lezakeena baino askoz garatuagoa da, ordea: Sanlucarren bizita, Euskal Herrira inoiz etorri gabe, hara joaten diren udatiar euskaldunekin izandako igurtziaren bidez, euskara-mailatxo bat badu. “Larunbata irabaziko dugu” esaldia osatu du, euskaldun baten laguntza pixka batekin. Gero Athleticen ereserkia kantatu du goitik behera. Nongoa den galdetu dio euskaldunak: “Ni naiz Senegalekoa, baina bizi hemen Sanlucar de Barrameda.” Euskal herritarrak ezin du sinetsi noizbait hemen bizi izan ez denik, eta horixe galdetzen dio. “Ez, ni Bilbo inoiz ez, han euria eta lainotsua, hemen hobeto. (...) Hemen lagun asko, udaran asko jendea oporretan hemen. Nik galdetu pixka bat. Oso zaila euskera, baina orain egiten asko, e!”

Bideo hipnotikoa da, ikustaldi bakoitzean goxatzen ditu belarriak eta bihotza. Beharra omen da irakaslerik onena. Jakin-mina eta begirunea batzen bazaizkio, zailtasunak lurrundu egiten dira. Bambak hizkuntzak ikasteko gaitasun handia izango du, ez dut zalantzarik, baina haren ereduak argi uzten du belarriak adi eta burua zabalik dituen edonork lor dezakeela maila txukuna euskaraz, igurtzi hutsez, eta hemen bizita belarriprest izateko lain ikasi ez duenak ahalegin berariazko bat egin behar izan duela belarriak estali eta burua ixteko. Biba hi, Bamba!