Data garrantzitsua izan zen niretzat eta beste zenbaitentzat 1981eko maiatzaren 9a, egun hartan izan zen Eskolarteko 1. Bertsolari Txapelketa. Bizipen zoragarriak izan ziren, mundu berri bat ireki zitzaigun, baina talka handi baten oroitzapenak ere batere lausotu gabe dirau nigan: egun hartan entzun nituen lehen aldiz elkarri zuka hitz egiten neure adineko gaztetxoak. 14 urte nituen, 15 egitear. Iraurgi bailaratik joandako sei nerabeok, eta beste hainbatetatik joanak ere bai, harri eta zur geratu ginen: “hi, Debagoieneko hauek elkarri zuka egiten ziotek!”

Xenpelar ez zebilen oker “gu gera euskal herriak” idatzi zuenean, pluralean. Elkarren ezagutza eta harreman oso urriko euskal herrietan bizi gara. Horixe sentiarazi zidan Irati Jimenez idazlearen Begiak zabalduko zaizkizue liburuak, hitanoari eskainitako sei orrialdeetan: “liburu honek izan ditzakeen irakurleei galdetuko bagenie normalean hika hitz egiten duten, gehiengoak ezetz esango luke. Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba, kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean, gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia.”

Bat-batean “jende” ez nintzela sentitu nuen. Euskarari buruz hainbat aldiz entzun dugun arrazoiketa berak –¡si eso no lo habla nadie!– zentzubako eta anakroniko bihurtzen bide du hikako gure hizkera ere, idatziz bederen: “ia inork ez du erabiltzen eta!” Gogoeta horri aitorpen bat eransten dio idazleak: bera ez da gai sentitzen “hitanoaren erabilera adierazkorra, plastikoa, interesgarria eta ederra egiteko. Eta aitorpenak egiten hasita, ez dudala nahi ere esango dizuet.”

Zorionez, hitanoaren erabilera ez da hain murritza, ez trinkotasunez eta ez lurralde-hedaduraz, zenbaiti gaindosi zorabiagarria eragingo lioke. Egiari zor, Jimenezek hiketaz egindako gogoetetan bada aintzakotzat hartzeko konturik ere, baina urruntasuna, ezezagutza eta jakingurarik eza –denak egileak berak aitortuak– ez dira abiapuntu egokiak ezertarako.