1999an eman zuen Xabier Letek azken kontzertua, Errenterian. Kantak bezain entzungarri dira egiten dituen aurkezpenak. Han kantatu zuen jendaurrean, han eta beste inon ez, Jardin bat zuretzat. Karlos Gimenezen airea da, zirraragarria, eta Leteren bertsoak. Entzuleen artean zen Lourdes Iriondo. “Zenbat kostatzen zaigun bizitzan maitekor agertzea. Zenbat kostatzen zaigun samurtasuna manifestatzea. Zenbat kostatzen zaigun hitz hain xinple horiek esatea, noizbait, noizbehinka: maite zaitut. (.) Eta gaur, bereziki, kantatzerakoan –behin ere ez dut egin horrelako gauzarik baina– gaur lehenbiziko aldiz dedikatoria bat egin nahi dut kantu honekin. Euskaraz esaten ez naiz ausartzen eta, frantsesez izango litzateke pour ma femme, eta inglesez nahi baldin baduzue, to my wife.”
Haurrak ginelarik, bagenuen Loiolako ikastolan Iñaki Goikoetxea izeneko irakasle bat. Oso kuttuna genuen. Hark esandako hitzak, orduko ikuspegitik ulertu beharrekoak, gogoan ditut oraindik: “Gaztelerazko abestietan te quieroka aritzen dira etengabe. Maitasuna ez da hain arin aipatzeko kontua, euskarazko kantak oso bestelakoak dira.”
Gipuzkoako Goierriko herrixka batean nikaraguar batzuek hartu dute betiko taberna bat, itxita zegoena. Haietako batek bezero bati galdetu zion: “Oye, ¿cómo se dice te quiero en euskera?” Irakatsi zionak harrituta kontatzen du: “Ikasi bazuen ikasi, tabernaren mutur batetik bestera oihuka berdin hasten duk: Euxebio, maite zaitut! Eta denok aztoratuta, sekula ez baitigu inork halakorik esan!”
Hitzak asko merkatzea irudituko litzaioke txikitako gure maisuari, Leteri ere bai, ziur aski. Oraindik Xabierren uzkurtasunetik hurbilago ote gauden iruditzen zait. Noiz esan ote genien azken aldiz maite ditugula maite ditugunei?