Aparteko zirrara eragiten dit Neil Diamond kantari eta musikariaren jendaurreko azken emanaldiak. Parkinsonak oso erasanik ere, sasoi betean zeneko argitasunez eta distiraz aritu zen, une horretan ezein gai-tzen eraginetik salbu balego bezala. Alzheimerrak edo dementziek erasanikoen burmuin minduek ere modu harrigarrian erantzuten dute zenbait estimuluren aurrean. Musikak gaitasun berezia du. Imanol Murua zenak kontatu zidan Basarri handiari bisita egitera joan zi-tzaion azken aldian hark ez zuela ezagutu. “Imanol Murua naiz, Iñaki, Zarauzko alkatea, zure laguna!” Ezin Basarrik. Bat-batean, bertsolari handiak hainbat hamarkada lehenago eginiko bertso-sorta bat kantatzen hasi zen Imanol: “Ene Zarautz maite / nere amets-laguna / kantuz datozkizu / hainbat maite zaituna...”, eta Basarrik tapa-tapa sorta osoa kantatu. Gure aita zenak ume-umetan erakutsi zidan ikasi nuen lehen bertsoa: “gure aittak bazeukak / eztaitako txahala…” Dementziak semeak ezagutzeko gaitasuna kendu zionean ere, bertso hura kantatzen hasi eta moldatu egiten zen. Ez dakigu geroak zer ekarriko digun, eta eskerrak!, baina inoiz jarri izan naiz pentsaketan. Noizbait burua galduko banu, zerk hunkituko ote ninduke? Zerk eragingo ote lidake zirrara? Zerk erreakzionaraziko ote lituzke nire burmuin herdoilduak? Aitak irakatsitako bertso horrek again? Edo amak lo harrarazteko kantatzen zidan “lua-lua” kanta eztiak? Manuel Lasarteren kasete zaharrak entzuteak? Azkoitiko Kontzejupearen irudiak? Zarauzko malekoitik Getariara begirako ikuspegiak? Pilotaren klaskak? Ez naiz gogoratzen zer kontatu nahi nizuen.