Iazko abenduaren 21a. Espainiako armadako bi soldadu profesional itota hil ziren Kordobako Guadalmellato urtegian. Kapitain batek ibilgu bat gurutzatzeko ariketa agindu zien, ur hormatutan. Motxilekin eta segurtasun-sokarik gabe.
Bik ez zuten bizirik irteterik lortu. Kapitaina eta haren aginte-kateko beste hiru goi-agintari –teniente-koronela, koronela eta brigada-generala– auzipetzeko asmoa iragarri du hildakoetako baten familiaren abokatuak. 1987ko udaberria. Armada berean soldadutza egiten ari ziren hainbat gazte, behartuta joanak, Valladolideko Farnesio kuarteleko soldaduak, Moncayopeko gune basa batera eraman zituzten maniobra militarrak egitera. Zortzi bat egunez probetxu handirik gabeko zenbait ariketa egin ondoren, kontent ziren, biharamunean berriz kuartelera zihoazela eta. Lo gozoan zetzatela, sarjentu txar baten oihuek esnarazi zituzten goizaldean. Gau-ibilaldi bat egin behar omen zuten. Pare bat orduz ilargiaren argitan ibili ondoren, lotaratzeko baimena eman zieten ostera. Goizeko seietan jaikiarazi zituzten berriro. Kanpalekua jaso beharra zuten lehenik, eta dena kamioietan sartu. Ondoren, bide luzea zuten kuartelera heldu bitarte. Kilometroz eta denboraz. Konboi militarra 40 km/h-ko abiaduran zihoan. Jeep baldar haietako bat neraman nik, ondoan sarjento txarra zurrungaka nuela.
Ia begirik bildu ere egin gabeak ginen eta konboiaren abiadura erneenari lo harrarazteko modukoa zen. Ez nintzen txintik esatera ausartzen, baina aldian behin, esnatzen zenean, nire lekua har zezan eskatzen nion, logaleari eutsi ezinik nindoala. “Yo también tengo sueño” erantzuten zidan, “sigue otro rato”. Soria hiriburura heltzeko kilometro batzuen faltan, burdinazko kamioi astun haietako baten gidariak lo hartu zuen. Kontrako noranzkoan zihoan auto bat zapaldu zuen, Nafarroako matrikuladuna. Bertan hil zen auto-gidaria. Kamioiarena, Arrasateko mutiko bat, gure jeepean sartu zuten.
“Lo hartu diat! Hil egin diat!” garrasi egiten zuen gizajoak. Hurrengo egunean eman zioten etxerako baimena, ez genuen gehiago ikusi. Ez zen errurik eta errudunik gabeko ezbeharra izan, gu gau-ibilaldia egitera eraman gintuena zen hobendun bakarra. Ez zuen epaiketarik eta zigorrik izan. Gertatu egiten dira. Gertarazi egiten dituzte.