Urtero legez, larunbat honetan ere jendetza bildu zen Bilboko kaleetan. ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara ekarririk ere, hamarkada luzez ezarritako urruntze-politika amaiturik ere, urteroko hitzorduak ohiko arrakasta izan du. Manifestaldiaren deitzaileen eta deialdiari erantzun dioten milaka lagunen ustez bada oraindik zer aldarrikatu. 

Urruntzeak ez zuen jomugarik, ez zen ezertarako estrategia, mendekuan oinarritutako jokamoldeari ezin zaio hala deitu. Politika anker hura bertan behera uzteko eskaria ezker abertzalearen ingurumariaz kanpoko jende askok bereganatu zuen, ehunka izan ziren bidegabekeria hura aktiboki salatu zutenak, ideologikoki esparru arras urrunetakoak izanik ere. Koska handia dago, ordea, etxetik gertuko espetxeetara ekartzetik etxerako bidea libre uztera. “Behin preso horiek etxetik gertu egonda, kalera irteten hasteko tenorea iritsi da” irakurri dut egunotan. Zorionez, ez dira hain orokorrak eta lausoak eskabide guztiak, SAREk berak ere zorroztasun handiagoa erakutsi du deialdirako manifestuan: “Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik.” Testuinguru horretatik kanpoko jende asko dago oraindik, zorigaitzez. Esate baterako, aste honetan bertan bortxazko ibilbidearen gorazarre egin duen Ezker Abertzaleko militante historiko bat, unez une “baliabide guztiak” erabili izanak “beste maila etiko, politiko eta humano batean” jartzen dituela idatzi duena; edo armak utzi izanarekin ados ez daudenak; edo utzi izanarekin ados egokin ere, biktimenganako inongo begirunerik eta erreparazio-asmorik erakusten ez dutenak. Gogoeta etikoari uko egiten dionak abagune politikoaren egokitasunean finkatzen du ziaboga.  

Gako, giltza eta maratila ugari geratzen da oraindik. Ez denak besteren baitakoak.