Hainbat dira gizarte baten gaixotasun-mailaren adierazleak, denetan argientsuena indarkeriarekiko tolerantzia. Ongi probatu eta frogatu, jasan eta pairatu dugu indarkeriaren onarpen sozialak zer nolako makurrak dakartzan, bortxa-iturri horren beraren amaierarekin ezabatzen ez direnak. Nerabezaro lehenean dagoen neskatxa baten sare sozialean irakurria: “al facha serpiente y hacha”. Finkatutako txioan daukan mezua (euskaraz daukan bakarra, bestalde): “gora ETA militarra! Aste honetan bertan jarri duen beste bat: “aquí mismo, YA PIM PAM PUM”.

Beste indarkeria mota batek, genero-indarkeriak, gizarte oro kutsatzen ditu. Ez maila berean, baina salbuespenik gabe. Eta geurea sakonki. Izugarria da egiaztatzea zenbat jokaera bortxazko jaso eta garatu ditugun justiziaren, berdintasunaren, eskubideen eta bizikidetzaren aurkako jokabideak zirela ohartu ere egin gabe. Balirudike orain ohartzeko lain formakuntza bederen ematen dela, baina...

Hainbat ikerketa egin dira gazteen jarrerez eta harreman-moduez. Berrikitan argitaratu den batek aurrekoen ondorioak berretsi ditu. Eztabaida baten ondoren bikotekidea iraintzea ez zaio genero-indarkeria iruditzen herritarren %11ri. Datua 13,2koa da 16 eta 21 urte bitarteko nesken artean, eta 22,6koa adin-tarte bereko mutiletan. Eztabaida batean bikotekideari bultzada bat ematea edo jotzea ez zaio tratu txarra iruditzen herritarren 9,4ri; neska gazteen artean 11,6ra igotzen da ehunekoa, eta mutil gazteen artean 21,5era. Berdintsua da bikotekidea sexu harremanak izatera behartzea indarkeria ez dela uste dutenen batez bestekoa ere.

Bortxaren kultura hezurretaraino sartua dugu, eta gutariko bakoitzari dagokio gogoeta eta autokritika, dinamika hilgarri hori aldatzen saiatzeko konpromisoa. l