“Denbora badaukagu eta ordurik ez” kantatu zuen Jon Sarasuak, bizitzari eginiko gorazarrean. Auskalo nork idatzia den beste hau: “une honetan izan zaitezkeen zaharrena zara, ez zara inoiz gazteagoa izango.” Erdaraz norbaitek esan zuen behinola “si el mozo supiese y el viejo pudiese, no habría cosa que no se hiciese”. Bertsolariren batek egoki asko eman zuen zazpi-sei silabatan: “zoriontsu izatea / bai gauza erreza / gazteak baleki ta / zaharrak baleza.”

Beste hainbat gogoeta mamitsu ere egin izan dira denborari buruz: zahartua zara iraganaz poz handiagoa duzunean orainaz baino (John Knittel); denbora maisu ona da, baina ikasleak hiltzen ditu (Ekaitz Goikoetxea); ez dezagun denborarik gal. Ederragorik izango zen agian, baina hau da gurea (Jean Paul Sartre); zahartzean, zuhurtzia handiagoz erokeria handiagoak egiten dira (François De La Rochefoucauld); iraganetik ez dugu gozagarri zena besterik oroitu behar (Jane Austen); zure denbora mugatua da, ez ezazu alferrik gal beste baten bizitza biziz (Steve Jobs); adinak, berez, ez du inor hobetzen edo jakintsuagotzen, norbera beti izan dena nabarmendu baizik ez du egiten (Isabel Allende); gehiegi bizitzea oroitzapenak ere galtzea da (Jacques Chardonne); denok zahartu nahi dugu, eta denok ukatzen zahartu garela (Francisco de Quevedo); bizitza museo batera joatearen antzeko zerbait da, ondoren hasten zara ikusitakoa ulertzen (Audrey Hepburn); pertsona asko ez dira laurogei urtera heltzen luzaroegi saiatzen direlako berrogeietan gelditzen (Salvador Dalí); zahartzaroa helegite-eskubiderik gabeko kondena da (Marcelo Mastroianni); gaztetasuna ez da bizitzako aro bat, aldarte bat baizik (Mateo Alemán); ez naiz zahar sentitzen atzean utzi ditudan urte ugariengatik, geratzen zaizkidan apurrengatik baino (Ephraim Kishon); denbora behar da gazte izatera heltzeko (Pablo Picasso).

Zer funts du denborari buruzko harrikada honek?, pentsatuko duzue. Handirik ez, azken boladan Madrilgo Ferraz kalearen inguruetan ikusitako buru-fosilduen oldarrak eraman nau egunotan behin eta berriz iraganeko sentipenetara. Bizitza gorri-horian. Edo zuri-beltzean. Agian hori ere ez, beltzean soil-soilik.