Zinikoa eta hipokrita litzateke hilketa batzuek beste batzuek baino gehiago asaldatu eta mindu gaituztela ukatzea. Hurbiltasun geografikoak, kulturalak, ideologikoak, biktima ezagutu edo estimatzeak, aparteko zirrara eta samina eragiten du. Yoyesen hilketak sortutako inarrosaldiak, min zorrotzak, amorru biziak, gertatu berritan bezalatsu trenputxartzen naute begiak ixte hutsarekin. Ezin hoztasunez eta distantziaz gogoratu ekintza koldar hark zemaigun mezua; ezin begiak busti gabe pentsatu Yoyesen bikotekide zen J maisu estimatuarengan; ezin lausotu amari eskua emanda zegoen haurtxoaren irudia.

Atzo 27 urte ETAk gizon bat hil zuen tiroz Bilbon. Hurbiltasun geografikorik eta sentimentalik ez –Salamancan sortua eta Espainiako polizia nazionala zen–, kulturalik eta ideologokorik ere nekez, ezta ezagutzarik edo estimu pertsonalik ere. Baina gizagabeki hildako pertsona bat. Lau haur zituzten, haien bila joan zen eskolara. Nagusienak sei urte besterik ez. Biri eskua emanda irten zen eskolatik. Gizon bat atzetik hurbildu zitzaion eta garondoan egin zion tiro. Polizia zerraldo erori zen eta lau haurrek haren gorputza besarkatu zuten, aitaren odolez blaiturik “¡mi aita, mi aita!” oihukatzen zuten bitartean. Amak leihotik ikusi zuen eszena izugarri hura.

Itsua behar du, edo itsututa egon, pertsona bati bizia kentzeko. Bihozgabea behar du, edo bihozgabeturik egon, hilketa haurrak eskutik daramatzala burutzeko. Atentatu basati hartan parte hartu zutenetako bat laguna dut. Egindako basakeriez, eragindako minaz, erabat damututa dago –bestela ezin izango nuke haren lagun izan–, baina egindakoa ezabaezina da. Samin bikoitza sortzen dit atentatu horrek, nire lagunak egindako guztiek bezala. Hirukoitza hau idatzi beharrak.