Primerako berria da Primeran plataformarena, beharrezkoa bezain pozgarria. Izena bera ere maite dut. Ikus-entzunezko askotariko euskarazko milaka eduki eskura, webgunean zein telebista, mugikor eta tabletetarako aplikazioetan. Pantailen hain meneko bihurtu garen garaiotan, hutsune handi bat betetzera datorren eskaintza da. Adin orotako euskal kontsumitzaileentzat da interesgarri, haur eta gazteentzat funtsezko. Orain jaten eman behar, kalitatezko edukiz bete behar egunez egun, mamiz.

Xabier Azkargorta Valladolid futbol taldearen entrenatzaile zelarik, 86/87 denboraldian, norbaitek etxeko telefonora deitu –orduan ez zen sakelakorik– eta “bai, esan” erantzuten zuenean –oraindik ere bai, menturaz–, seme-alabei Euskal Telebistako marrazki bizidunak jarri ezina deitoratzen zuen. Ostiralean bertan, Euskal Herritik kanpo bizi den aktore batek, Barbara Goenagak, bideo bat jarri zuen Instagramen, zeinetan baitio zein garrantzi-tsua den euskarazko edukiak izango dituen plataforma bat izatea; zer nolako poza eman dion seme-alabei marrazki bizidunak edo beste zernahi euskaraz jartzea ahalbidetuko dion funts horren berri izateak.

Barbarak milaka jarraitzaile ditu. Horietako batek esan dio berak ez lukeela, begiruneagatik, jarraitzen diotenen %eko 90ek ulertzen ez duten hizkuntza batean hitz egingo. Barbararen hautuekiko begirunetsu izatea ez zaio burutik pasa gizagaixoari. Beste batek eran-tzun dio –gaztelaniaz, jakina!– haren senarraren alderdiari eta zenbait lekutan bazkide duten Abascali zer iruditzen zaion sareetan euskaraz hitz egitea. Merezi duen tonuan erantzun dio Barbarak: “Eta zure izebaren amonaren bizilagunari zer iruditzen zaio bizi den kaleko harategiaren hormari eman dioten izokin-kolorea?”. Aski nortasun eta baliabideren jabe izanik ere, akigarria behar du etengabe gauzak eta pertsonak bereizten ez dakitenen kritika zentzugabeen jomugan egoteak. Niri poza eta itxaropena eragiten dizkit ehunka kilometrora seme-alabei euskarazko marrazki bizidunak jartzen dizkien amak. Primeran.