Esloganez, promesez eta hitzematez josiriko bi asteren buruan, gaur dugu hegoaldeko euskal herritarrok erakunderik hurbilenetan ordezkatuko gaituzten pertsonak hautatzeko eguna. Nafarroako Gobernua dago jokoan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 523 udalerritako aginte-makila. Egiari zor, hainbat herrixkatan makilkada bat nahiago dute aginterik gabeko ardurak hartu baino: Nafarroako 37 herri txikitan ez da zerrendarik aurkeztu, eta ez da harritzekoa. Legardak badu alkatea. Iaz herria ia erabat kixkali zuen suak. Laguntzak agindu zizkieten, baina ez dira heldu, herriko pilotalekua estaltzeko aurreztutako sosak baliatu behar izan dituzte kalteei aurre egiteko.

Hauteskunde hurbilak dira hauek, egunero kalean gurutzatzen ditugun kolore bateko eta besteko hautagaiak ikusi ditugu programak banatzen –hamarretik batek irakurri ote ditu?–, postontzietan zerrendak sartzen, kartelak itsasten. Programa landuak ikusi ditugu, ezerezaren hurrengoak ere bai. Ez dago, alta, azken lau urteetan agintean zein oposizioan egin dutena zorrotz aztertzea bezalako programarik eta kanpainarik. Nork egin duen, nork egin duen ondo, nork ez duen utzi egiten, nork izan duen jarrera eraikitzailea, nork eraitsi dituen zubiak, nork ematen digun sinesgarritasuna datozen lau urteetan ordezka gaitzan.

Politika hain estigmatizatuta dagoen garaiotan –denak berdinak dira; mizpirak eta politikoak, zenbat eta ustelagoak, hainbat eta hobeak; hor ez da dirua beste ideologiarik...–, aitortza eta eskertza helarazi nahi dizkiet gure herrietan zerbitzuko borondatez urrats bat aurrera egin duten herritar xeheei.