Bideak, zikloak, garaiak... hasi eta amaitu egiten dira. Ezer ez da betiko. Ibarretxek aise irabazi zituen 2005eko hauteskundeak, baina ez zuen lehendakari izaten jarraitzeko lain babes lortu. Ezker abertzalea legez kanpo utzi ondoren sortutako joko-zelai desitxuratuan sozialista eta popularren estrategia bateratuak Patxi Lopez bihurtu zuen lehendakari. Lopezen kargu-hartze ekitaldian iragarri zuen Ibarretxek ez zuela oposizio lanik egingo, politika uztea erabaki zuela. Beti da eztabaidagarria hautatua izan eta helburu gorena lortu ez duelako aulkiari uko egiten dionaren erabakia. Uler daiteke bidean indar-hustuta geratu denaren frustrazioa, edo landare berria behar dela iritzi dion alderdiaren erronka. Aulkiari uko egin diona urte batzuen buruan helburu berera aurkeztea, baina, nekezago ulertzen da. Hori gertatu da Donostian Odon Elortzarekin eta Juan Karlos Izagirrerekin. Ez dakigu bataren erabaki pertsonalak eta bestearen hautagai izateko prestasunak alderdi/koalizioen berrespenik izango duten –lepoa baietz!–, baina hauteskundeak eta alkatetza galtzean oposizio lanei uko egindako bi pertsonaren izenak ageri dira udaberriko udal hauteskundeen talaian.

Ez dira euskal hiriburu batean alkatetza berreskuratzen saiatuko diren bakarrak; Joseba Asiron izango da ostera ere EH Bilduren Iruñeko apustua. Josebaren kasuan bada, ordea, hautagaitzari beste indar eta zilegitasun bat damaion ñabardura bat: alkatetza galdu zuenetik hor jarraitu du bere ideia eta jarreren aldeko ahaleginean, karguari eta erantzukizunei muzin egin gabe.

Interesgarria izango da berriz ere udal hauteskundeetako lehia, gertutik jarraitu beharrekoak estrategiak, jarrerak eta elkar hartzeko proposamenak. Edozein gisaz, argi geratu da alderdi guztiek ere galtzak bete lan dutela ongi prestaturiko lider karismatikoak aurkezteko, eta gazteen botoa biltzeko ustez ahalik handiena dutenek ere ez dutela hori zerrendetan islatzen.