Orain da unea, batuz aurrera egiteko

02.10.2021 | 11:22

Azken boladan politikarien ahotik behin baino gehiagotan entzun izan dugu orain ez dela enpresei zergak igotzeko unea. Egun bizi dugun pandemia-egoerak politikak berrikustea ekarri du, eta noski, bai eta lehentasunak birdefinitzea ere. Tamalez, testuinguru horretan, hizkuntzari begira ere antzeko baieztapenak entzun ditugu: orain ez da
euskararen unea.

Noiz da unea, orduan? Zeren arabera ez da edo bada orain unea? Edota zertarako unea da orain?

Krisi garaian, gehien duenak bere etekinen parte handiagoa gutxien duenari emateko une aproposa dela pentsatzen dugun bezala, krisi garaiak, inoiz baino gehiago, gizarte erantzukizunez jokatzeko garaia izan beharko lukeela deritzogu.

Testuinguru horretan kokatu eta ulertu behar da, beraz, iazko urtearen amaieran, pandemia krisi betean, ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak, alegia, gehiengo sindikalak eta euskalgintzako bilguneak bat eginik, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko aurkeztu genuen proposamen zehatza: 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu behar izatea lanbide-arteko akordioan jasotzea.

Jakina da lanbide-arteko akordioak sindikatuek eta patronalak adosten dituzten tresnak direla, eta bertan adostutakoak
enpresa guztietan duela eragina. Hortaz, aipatutako proposamenak langileriaren erdiari eragingo lioke.

Proposamenean jaso bezala, 50 langiletik gorako enpresetan, bi aldeetako batek (langileek edo enpresa arduradunak) hala eskatuta, euskara-plana ezartzeko aukera negoziatu behar izateaz hitz egiten ari gara.

Baten batek pentsa dezake gutxienekora ez dela heltzen eginiko proposamena, alegia, negoziatu behar izateaz soilik hitz egiten denez, ez dela ziurtatzen euskara-planak abiatzea. Proposamenaren mugak aintzat hartuta ere, garrantzitsutzat jo dugu aukera dagoen enpresetan gai hori agendan kokatzea. Horrek, noski, sindikatuen bizkar gainean jartzen du halako negoziaketak bultzatzeko zeregina eta konpromisoa. Hortaz, Confebask eta CEN zuzenean interpelatu bagenituen ere, argi genuen gure proposamenak sindikatuontzat etxeko lanak zekartzala.

Gure aldetik argi ikusten dugu orain dela horretarako unea. Jendarte gisa krisi honetatik zer nola aterako garen, orain hartzen diren erabakiek eta abian jartzen diren politikek erabakiko dute. Horrela, hizkuntzaren esparruan, krisiak inoiz baino ageriago eta gordinago erakutsi digu orain dugula euskal hiztun komunitatearen egoera zaurgarriari aurre egin eta hizkuntza-eskubideen bermean oinarrituko den jendarte berdinzaleago, kohesionatu eta demokratikoagoa eraikitzeko aukera.

Aukera diogu, eremu sozioekonomikora aldaketa sakonak baitatoz. Besteak beste, datozen bi hamarkadetan langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo baita. Lan-mundura jauzia egingo duen belaunaldian inoiz baino elebidun gehiago daudela (%70etik gora) jakinda, belaunaldi aldaketa horrek abagune paregabea eskain dezake eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko.

Baina aukera gisa ikusi nahi duguna arrisku ere bilaka daiteke. Izan ere, neurri egokirik hartu ezean, eremu sozioekonomikoak belaunaldi hori erdaldundu dezake. Ondorioz, transmisioan, hezkuntzan edota helduen euskalduntzean urteetan eginiko ahalegina eta inbertsioa hankaz gora bota eta euskararen normalizazioa urte luzez galga dezake.

Orain dela unea ikusten dugu, gainera, Eusko Jaurlaritzak abian jarria duelako eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko lehenengo plan estrategikoa eta, beraz, halako neurri batek inoizko babes eta bultzada instituzional zabalena izan dezakeelako. Aldi berean, gainera, euskararen normalizazioak aurrera egiteko, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egin beharraz adostasun zabala dago euskalgintzaren baitan.

Unea orain dela, beraz, ez dugu zalantzarik. Gainera, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak eraikitzen ari
garela etorri da proposamena. Ehun gizarte eragile baino gehiagok bat egin dute ekainaren 19an aurkeztu genuen Batuz aldatu, Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala dokumentuarekin eta bertan jasotzen den bezala, hizkuntzapolitiketan jauzia egiteko ezinbestekoa da langileen artean euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta euskaraz lan egiteko espazio erosoak eskaintzea.

Lanbide-arteko akordio honekin ere adostasun zabalak eskuratzea nahi dugu. Horretarako, harreman-erronda zabala egin dugu azken hilabeteotan eragile sindikal, politiko eta instituzionalekin. Horren emaitza izango da, besteak beste,
urriaren 4an gai honi lotuta Eusko Legebiltzarrean egingo den eztabaida. Espero dugu adostasun zabal horren lehen
argazkia eskaintzea bertan herritarron ordezkariek.

Ohartuak gara, bai, garai konplexu eta zailak bizi ditugula, eta horrexegatik, hain zuzen, uste dugu ertzetan kokatutako gai batzuk erdigunera ekarri behar direla. Horretarako, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean dugun erronkari ahalik eta modu bateratuenean aurre egiteko behar besteko ikuspegia eta konpromisoa izan behar ditugu guztiok. Atzera edo aurrera egiteko, orain baita unea.

-ELA sindikatuko Euskara eta negoziazio kolektiboaren arduraduna, LAB sindikatuko Zeharlerroetako arduraduna eta Euskalgintzaren
Kontseiluko Ildoen koordinatzailea

noticias de noticiasdegipuzkoa