Iritzia

Enbido, euki

04.05.2021 | 11:08
Enbido, euki

Denbora-pasa polita izaten da kartetan jokatzea. Umetan dena izan ohi da gerra-jolasa, urteetan aurrera egitearekin batera musean hasiz. Benetako gerrek, ordea, gutxi dute jolasetik.

1945eko irailaren 2an Japonia baldintzarik gabe errenditzearekin batera iritsi zen II. Mundu Gerraren amaiera. Aurrez Alemaniak gauza berbera egin zuen: lehenik maiatzaren 7an Mendebaldeko aliatuen aurreran eta, bi egun beranduago, sobietarrenean. Hitlerrek, aldiz, lehenago eman zuen amore; apirilaren 30ean bere buruaz beste egin zuen, baita bere emazte Eva Braun eta Blondi txakurrak ere. Ziurrenik aukera eduki zezakeen Stalinekin Europa osoa partekatzeko. Baina euforiak, handinahikeriak eta, batez ere, lebensraum-ak Sobietar Batasuna erasotzera eraman zuen.

Baliteke, nahiz eta Moskutik 60 kilometrotara egon edota Stalingradeko kaleak hartu, hor hasi izana erregimen naziaren gainbehera. Latzak izan ziren gerra hark utzitako ondorioak. 50 milioi hildako baino gehiago, holokaustoa, herri zein hiri suntsituak, bonba nuklearraren lehendabiziko agerraldia (birritan gainera) Arma horren jaurtiketak agerian utzi zuen eragin zezakeen kaltea, japoniarrek pairatua. Mijail Gorbachov izan zen Hitler beregana-tzen saiatu zen Sobietar Batasuneko azken burua. Orain gutxi, aspaldiko partez, elkarrizketa bat eskaini du Perestroika martxan jarri zuen gizonak eta bertan "Gerra Hotz Teknologiko" izena ipini dio gaur egungo egoerari. Noski, gaur egun herrialde batek besteari kalte handia eragin diezaioke teknologia berrien bidez, eraso zibernetiko batekin. Diruaren digitalizazioak zerikusirik eduki al dezake? 1971. urtean Ameriketako Estatu Batuek munduko petrolioaren salerosketa guztiak dolarrarekin egitea ezarri zuten (petrodolar famatuak). Jokaldi paregabea. Jokoa 31 eta gainera esku.

Azken hamarkadan, berriz, Errusia eta Txina hegemonia horrekin amaitu nahian dabiltza. Armarik gabeko gerra bat ote? Loturarik izango du pandemiaren aurretik AEB eta Txinaren arteko arantzelen tentsioak? Txinako banku zentralak Yuan txanpon-digitala diru tradizionalari gailentzeko gero eta prestatuago dagoela esan berri du, eta berarekin Asia eta Pazifikoko beste herrialdeak dolarrik gabeko hartu-emanak egiteko prest daudela. Hobeak al dira ekialdekoen kartak mendebaldekoenak baino? Errusiako tropak Ukrainako mugatik aldendu berri diren arren, nabaria da Errusiak mendebaldeko herrialdeekin duten tentsioa, batez ere 2014. urtean Krimeako penintsula maniobra azkar batekin Putinek bereganatu ostean. Errusiera hitz egitearen aitzakiarekin bereganatu zuen, eta Ukrainaren ekialdeko zonaldea ere begiz jota du. Ez al du zerikusi pittin bat, Hitlerrek Alsazia-Lorena edota Sudeteak alemaniera hitz egiten zutenak zirelako aldarrikatu zituenean? Posible da Txinak Taiwanekin estrategia antzerakoa jarraitzea, ikusi beharko da AEB eta Europa mendebaldeko beste herrialdeak hau onartzeko prest egongo diren. Txertoa hitza bilakatu da gizartearen hashtaga, bazkalostetako eztabaidagai, prentsako titularra. Txerto horietako bat, AstraZeneca, Europar Batasunak salatu egin du. Enpresa britainiarra izateak loturarik izango al du brexit-arekin?

Errusiak beste inork baino lehenago jarri zuen martxan txertaketa eta bere dosiek Europa zeharkatu eta Venezuelan egin zuten lehen geldialdia. Sputnik enpresa beraren iragarkia bailitzan azaldu zen Maduro txertoa jaso eta errusieraz hizketan, gutako edonor Eristoff pixka bat edanda mintzatuko bagina bezala. Aznar Bushen alboan Texasko ingeleran hitz egiten etorri zitzaidan gogora une batez. Bi hauek, Toni Blairren laguntzaz, Irak eta Afganistan inbaditutako garaitik bertan jarraitzen duten tropak erretiratzeko agindua eman berri du Biden presidenteak. Amaitu al dute terrorismoaren aurkako guda? Topatu al dituzte suntsipen masiboko armak? Lotsagarria benetan. Mendebaldeko txertoetan dagoen nahastea ikusirik, Alemaniak ere ekialderako bidea hartu du eta Errusiarekin negoziaketan hasi da Sputnik-a eskuratzeko. Txinak abenduan onartu zuen txertoa eta ordurako bizitza "normalera" itzuliak ziren. Halloween ospatzeko festak horren lekuko.

Harrigarria pandemia eragin duen gaixotasuna sortu zen herrialdea txertorik gabe aurrera atera izana eta mendebalde osoa oraindik ere giltzapetuta egotea. Zer izan dira ba gerrak, errege/diktadore/agintarien arteko haserre, aginte gose edo lursail nahirik gabe Ia beti, ordea, soldadu gazte eta herritar xumeek jasan dituzte ondorio lazgarriak. "Goza ezazu gerraz, bakea izugarria izango da eta!", esaten omen zion Wermach-eko soldadu batek besteari, ume jolas bat bailitzan. Modu batera edo bestera, zoritxarrez, gerrak egon dira, daude eta egongo dira. Iaz, mundu mailako gastu militarra mailarik altuenera iritsi zen, 1988. urteaz geroztik altuena, hain zuzen ere. Karta onenak dituena edota egokien jokatzen dakiena irtengo da garaile. Hala ere, ez dakigu une honetan gerran ala bakean gauden.

noticias de noticiasdegipuzkoa