Historiaren amaiera bezala deskribatu zuen jatorri japoniarreko Francis Fukuyama politologo estatubatuarrak Berlinego Harresiaren erorketa. Altzairuzko oihala jausteak, urte pare bat beranduago etorri zen Sobietar Batasunaren desegiteak eta beronek eragindako kapitalismoaren garaipenak aldaketa handien bukaera ekarri zuten, eta gizakiaren ideologiaren garapenaren amaiera bezala interpretatu zuen hor Fukuyamak.

Jakina den moduan, superpotentzia bakoitzak bere sistema propioa mundu mailan zabaltzeko borrokatu izanari eta, bidez batez, munduko lidergotza lortzeari Gerra Hotza deitu zitzaion; Bigarren Mundu Gerraren ondorioz sortua, aldi berean hau Lehenengo Mundu Gerraren eraginez (ordura arte Gerra Handia bezala ezagutua). Historian lehen aldiz munduko herrialde ezberdinak beraien artean borrokatzera eraman zituen gatazkaren ondoren, egungo Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aurrekaria sortu zen: Nazioen Elkartea (NE). Berriro maila horretako gerraterik gerta ez zedin sortua, hain zuzen ere. Ondoriozta daiteke, ordea, 1919an sortutako mundu mailako lehen elkarte honek, bakea eta segurtasuna lortzeko nazioarteko lankidetza sustatzeko sortutakok, ez zituela bere helburuak lortu, urte gutxiren buruan berriro ere mundu mailako gatazka bat lehertu baitzen. Badirudi orduan bai ikasgaia ikasi zutela eta, gaur egun, oraindik ere irauten duen lehen aipaturiko NBE elkartea jaio zen. 193 estatuek osatutako erakundearen organismo ezberdinen artean, Segurtasun Kontseilu bat aurkitzen da 15 estatuez osatua, horietatik bost iraunkorrak eta beste hamar aldatzen joaten direnak. Errusiak, Txinak, Frantziak, AEBk eta Britainia Handiak, hots, Bigarren Mundu Gerran irabazleak suertatu zirenek osatzen dute estatu iraunkorren taldea eta beto eskubidea dute.

Harrigarria badirudi ere, 2020. urtean, XXI. mende bete betean, Europa osoa suntsitu eta gainbeherara eraman zuen handinahikeriaren gatazkaren ondorioak pairatzen ditugu planetako edozein puntutan, zeren eta beto eskubide honekin, nahikoa da bost herrialde hauetako batek edozein proposameni ezekoa bozkatzea aurrera ez ateratzeko, nahiz eta beste nazio guztiek baiezkoa eman. Hemen ere ondoriozta daiteke, aurrez aipaturiko bi superpotentzien arteko gerran, adibidez, ez zela batere ohikoa izango biek baiezkoa bozkatzea.

Koronabirus garaiak ditugu oraingoak, konfinamendukoak, bideodeietakoak, balkoietakoak. Jan eta edatekoak. Alferkeriarenak. Batzuek ordea ez dute denbora alferrik galtzen. Nahiz eta Txinako presidente den Xi Jinpingek munduko lidergotza, batuta bere eskuetan edukitzea, 1991. urtetik AEBk duena ordezkatu nahia bere hitzez adierazi ez arren, argi dagoen da Txinako Errepublika Estatu Batuen pare jarri dela, adibidez, ekonomikoki edo militarki. Etxe Zuriak, ordea, ez du alde batera utzi nahi bere nagusitasuna, ez du munduko hainbat eta hainbat zonaldeetan duen eragina eskuetatik erortzen den bezala bere hatzetatik aldentzea nahi, aldi berean bere ordez beste superpotentzia bat ezarriz. Sobietar Batasunak ez bezala, Txinak ez du bere ideologia, lan egiteko modua, funtzionatzekoa, mundu osora zabaldu nahi, nahiz eta honek ez duen esan nahi bere influentzi eremua eduki, mantendu edo areagotu nahiko duenik (batez ere AsiaOzeano Barean).

Badirudi, pandemia garai honetan, birusari aurre egin eta ahalik eta bizitza gehien salbatzeaz gain, munduaren jabe izateko gatazka dagoela (nahiz eta egoera “normaletan”, pandemiarik ez dagoenean ere egon). AEBk Txinari birusa laborategi batean sortu izana leporatu berri dio eta beronek ondorioak ekar ditzakeela.

Urteak daramatzate bi estatu hauek elkarri mokoka, elkarren arteko etengabeko tirabiran, gerra ekonomikoan, arantzelak ezarriz edota 5G asmatzen lehena izateko norgehiagokan. Zer esanik ez une hauetan bizitzen ari diren borroka ea zeinek lehenago asmatu COVID-19aren aurkako txertoa. Bata bere nagusitasuna eta influentzia maila mantendu nahian eta bestea, berau konkistatu nahian. 1990eko hamarkadaren hasieran, Fukuyamak Historiaren amaiera iritsi zela adierazi zuen, ideologia bat guztiz kontrakoa zen beste bati gailendu zitzaiolako. Urte gutxiren buruan, ordea, mundua menderatzeko beste xake partida batean gaudela dirudi, ezberdina noski, kasu honetan Txina bera ere merkatu libre batean mugitzen dena, nahiz eta ez den ahaztu behar, politikoki sistema komunista bat duela, alderdi politiko bakarrean oinarrituta. Historia ez da bukatzen. Historia gertatzen da. Historia idazten da.