Amak kantatzeko esaten zigun, kotxean ez zorabiatzeko. Autoaren atzeko aldean joaten ginen anai-arrebok, zorabiatzeko beldurrez beti, ez bakarrik Gasteizetik Lekeitiorako bidean dauden bihurguneengatik, baita nire aitak bide bukaezin hartan erretzen zituen Ducados haiek ematen ziguten larriagatik ere. Kanta ez zorabiatzeko, esaten zigun amak, eta nire aitari hainbeste gustatzen zitzaion Trio Calaverasaren kasetea jartzen zuen. Eta horrela, kantatzen hasten ginen: “Qué bonitos ojos tienes debajo de esas dos cejas… ellos me quieren mirar, pero si tú no los dejas…” edo “Con dinero o sin dinero, hago siempre lo que quiero, y mi palabra es la ley…”. Ez dut gogoratzen horrek larria kentzen zigun, distraitu egiten gintuela uste dut, baina, bidaia haien ondorioz, tatuatuta dauzkat oroimenean rantxera askoren letra eta doinuak. Baita Carlos Gardelen tango askorenak ere.

Ez dakit musika zorabioaren antidoto ona ote den, ezta, Manolo Garcíak dion bezala: “El que canta su mal espanta…” hori hala den, baina zerbait argi daukat: barruan musika daramaten pertsonek, paseatzen ari diren bitartean abesten dutenek, itsatsita geratu zaien melodia bat txistukatzen dutenek edo dutxatu bitartean ezpainak itxita barrurantz kantatzen dutenek aukera gutxiago dute urteekin bihurgunez betetzen doan bizitza honetan zorabiatzeko. Uste dut ez dugula bere neurrian estimatzen musikak gure aldartea aldatzeko duen ahalmena, musikak sentiarazten diguna.

Aste honetan, zapata zolan txikle bat bezala itsatsita geratu zitzaizkidan etsipen eta desengainu batzuk gainetik kentzeko beharra sentitu dut. Eta, bat-batean, nire amaren aholkua gogoratu dut: kanta ez zorabiatzeko. Horrela, egun batzuk daramatzat ahaztuta nituen kanta guzti horietara jotzen: “Ese lunar que tienes cielito lindo junto a la boca...” kantatzen hasi, eta berehala sentitu dut esnatzen barruan daramadan neskato alaia. Eta beste behin gogoratu dut barruan abestiak eramatea poltsikoan beti lore bat eramatea bezalakoa dela.