ehinola, errugbia oso kirol baketsua dela esan zidaten, gizatiarra eta kirol-praktikaren gainetik talde-balioak lantzen dituena. Zur eta lur gelditu nintzen. Hainbesterako ote zen. Baina errugbiaren balioen defentsa egin zidana jokalaria izateaz gain, bibolin jolea zenez, gogoan hartu nuen hark esandakoa, niretzat saskarra eta bortitza baizik ez zen kirola hura, munduko instrumenturik delikatuena jotzen zuen musikari harentzat kirol perfektua baitzen. Eta hara non, errugbiak eman digun lezioa, beste inork egin ez duen bezala. Gernika Errugbi Taldeak bere jokalarietako bat kaleratu egin du, bikotekidea erasotzeagatik. Betidanik esan izan dugu kirola erakusleiho perfektua dela erakutsiak emateko. Eta honakoan ere halaxe izan da baina ez saltzen errazak diren gaiekin, genero indarkeria bezalako gai oraindik ez behar beste errotua azaleratzeagatik baizik. Zeren eta guztiok ulertzen dugu berdintasuna zer den (bai, ezta?) eta indarkeria arbuiagarria dela eta heziketa dugula irtenbide, baina gure egunerokoan, zer egiten dugu indarkeriari aski da esateko? Zenbatek jartzen diogu gaiari paparra, bigarren masailaren ordez?

Novak Djokovic tenislariaren Australiako abenturaren berri izan dugun aste berean, hau da, eliteko kirolariek dituzten ustezko pribilegioei buruz eta hauei esker gainontzeko bekatarioi debekatuak zaizkigun zenbat bidegabekeria egin ditzaketen erakutsi nahi izan digutenean, Gernika Errugbi Taldeak bere kirolarietako bati beste edozein herritarrek jasoko zukeen zigorra jarri dio.

Eta zigorrak balio du gizarteari esateko indarkeria matxista benetan arbuiagarria dela, delitua dela, matxistak ez ditugula gurekin nahi, eta tresnak ditugula matxista horiek gure aldartetik ateratzeko, eta tresnak ditugula, baita ere, pribilegioak eskaintzetik urrun, indarkeria praktikatzen duen orori, dagokion zigorra ezartzeko. Kirolariak, usu, gai positiboak indartzeko erakusleiho dira. Oraingoan, positiboa ez den gai bati erantzun eredugarri bat emateko balio izan du. Gora errugbiaren balioak eta txalo paparra jarri izanagatik!