Guztioi gustatzen zaigu iparraldera joatea eguna pasatzera, batez ere orain, eguberrietan, bertako kale, etxe eta dendak argiz mukuru ikustera. Halako puntu exotiko bat dauka iparraldeak hegoaldekoon-tzako. Postaletako karrikak, euskal gasna dendetan, lauburuak tabernetako hormetan eta euskal kantuen hotsa bigarren eskuko azoka libreetan.

Gustura joaten gara bai, ia atzerrikoa dirudigun paisaia horretan barna. Alabaina, denda batean sartu eta frantsesez egiten badigute, muturra okertuko zaigu; eta euskaraz egingo digun norbait aurkitzen badugu baina euskaraz bizitzeko dituzten muga guztiez hitz egiten badigu ere, muturra okertuko zaigu.

Ezezagunak gara gure artean. Bi edo hiru (Nafarroa ere kontuan izanik) mundu diferenteetako euskal herritarrak. Nork bere herriko legeek mugatzen dutenaz gain, elkar behar beste ezagutzen ez dugularik. Bestea ezagu-tzeko eta ulertzeko ahalegin urria egiten dugunez gero. Bereizten gaituzten ezaugarrietan azpimarra eginez, batzen gaituztenen edertasunaz eta handitasunaz gozatu aitzin.

Turismoak jango gaitu aurki. Bisitan joateko lekuz beteko baitigu lurra. Iraganean izandako herri, hizkuntza eta kulturen berri emango duten gidez beztituko gaituzte. Euskal kultura, horixe, iragana balitz bezala. Zaindu eta gorde beharrekoa. Baina iraganekoa. Iraganaz egiten dugun irakurketa, horixe bera, elementu bitxi edo exotiko hutsa bailitzan.

Duela ez egun asko, ezagun batek aitortu zidan iparraldean izan zela familiarekin asteburu pasa eta (zein polita den guztia!) irudikatu zuela 30 urte barru hegoaldea ere halaxe paratuko zela, bisitatuko gaituztenen eremu exotiko. Ez nion ezer esan baina amesgaizto hori ni neu ere edukitakoa naiz.

Bada garaia, bada, euskal herritarrok mugaz gaindi elkartuko gaituzten ekimenetan elkar areago ezagutzeko eta onartzeko, eta ditugun elementu amankomunak azaleratzeko eta, bada garaia, iragana gordetzeko hainbesteko lanak egin beharrean, elkarrekin etorkizun bizi bat asmatzeko, desagertutako herri bati miraz begiratuko dioten turisten begi harrituen aurrean fosil bihurtuko ez bagara.