Guero liburua 1643. urtean argitaratu zen. Pedro Agerrek euskararen ahuleziak aipatu zituen eta herritarrek euskaraz ez zekitela idazten esan zuen. Halaber, esan zuen euskaraz gainerako hizkuntzetan beste liburu idatzi balira, euskara gainerako hizkuntzak bezain aberatsa izanen zela... eta hala ez bazen, euskaldunek zutela horren erantzukizuna, ez euskarak. Zorionez, ordutik, asko aurreratu dugu, besteak beste, zientziaren alorrean!

Eskarmentuak diosku ezein gai euskaraz landu eta irakats daitekeela, euskara hizkuntza modernoa eta bizitzaren alor guztiak asebetetzeko baliagarria baita. Izan ere, hainbat eremutan erabiltzen dugun neurrian, lantzen, moldatzen eta eguneratzen dugu hizkuntza, behinola Mitxelenak aipatu zuenez, aizkora, kasu honetan hizkuntza, zorroztuz. Inguruabar horretan, norbaitek pentsa dezakeenaren kontra, euskarak ibilbide luzea dauka osasunaren alorrean, aspalditik gainera! Ondorioz, norbaitek uste al du euskaraz dakiten gure medikuek eta euskara darabilten ikertzaileek, maskara, horren elementu arrunta, nola izendatu ez dutela jakin izurritea etorri arte, 2020ko apirilaren 12a arte, hain zuzen ere? Kontua da zientziaren eremua ezagutzen ez dugunok, iturrietara jo gabe, besapetik atera dugula musuko delako hori, horretarako, ustezko jatortasuna izan delarik erabilitako argudio bakarra.

Hizkuntzaren batasunak euskara noranahiko egitea bilatzen du, bai eta lurralde guztietako euskal hiztunak hurbiltzea ere... Eta horixe da asmakizun horrekin egin dugun bigarren hanka-sartzea, Ipar Euskal Herriko hiztunak ahaztu eta kontuan hartu ez ditugulako. Beraz, balia dezagun maskara euskal hiztunak batzeko keinu gisa eta izurritearen zabalkundeari aurre egiteko erabil dezagun aldi oroz, gure burua eta gainerakoena babesteko eta osasun zerbitzuei laguntzeko, gizarte honek hartzen duen erantzukizun partekatu gisa.