2020ko uztailean hauteskundeak egin ziren Eusko legebiltzarra erabakitzeko eta, berarekin, Eusko Jaurlaritza. Hauteskunde horien lehen urteurrenaz aparte, udalen ekuadorrera iritsi gara, bi urte egin dituzte. Udalak dira fisikoki hurbilen ditugun erakunde publikoak eta, agian horrexegatik, apalenak. Ez beti, hemen ere denetik baitago, botiketan bezala. Lehen begirada batez, erakundeen ospearen adierazle nagusia da euren kudeaketa-eremuaren hedadura. Beharbada, horrexegatik jartzen dituzte protokoloek ertz batean alkateak euren herrietatik kanpoko agertokietan.

2020ko uztailean hauteskundeak egin ziren Eusko legebiltzarra erabakitzeko eta, berarekin, Eusko Jaurlaritza. Hauteskunde horien lehen urteurrenaz aparte, udalen ekuadorrera iritsi gara, bi urte egin dituzte.

Baina errealitateak erakusten du bestelako aurpegirik ere. Herriko alkatea da bertoko herritarren ordezkari demokratikoa eta, sarritan, gainerako erakundeekiko bitartekaritza egiten duena: udaletxera jotzen dugu erakunde publikoekiko arazo baten aurrean noraezean gaudenean; udaletxera deitzen dugu kaleetan egunerokotasuna hausten duten zarata eta enparauez kexua dugunean; udaletxera hurbiltzen gara aldarrikapenak agertzera, nahiz eta milaka kilometrotara egon kexuaren erantzulea.

Udalek, alkateek, eguneroko arazo eta gaiak lantzen dihardute eta, aldi berean, pandemiak ekarri dituen ondorio larri bezain aldakorrei erantzukizunez aurre egiten. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut euretariko asko, bitartekari eta ia misiolari ibili direla, familiarteko kontuak, lagun giroko hitz aspertuak, txokoetako afari ostekoak eta gustuko aisialdiak bazter utzita komunitatearen ongizatea lehenesten.

Gizatalde baten aurkako kritika orokorrak ez dira bidezkoak; ezta laudorio orokorrak ere. Denetik dago udal politikarien artean baina hainbat udalburu ikusi dugu euren herritarren aurrean erantzukizunez jokatzen eta uste osoz azaltzen eskubideak murriztu beharra norbere osasuna zain-tzeko eta gizartearekiko solidaritatez jokatzeko. Kritikatu? Noski, baina gogoetak eta, ahal dela, proposamenak eginez, bestelakoak errazegiak eta antzuak baitira. Dena den, hori beste baterako utzi dut, orain tokatzen dena baita herri erakundeen erabakiak zorroztasunez entzun eta kontuan hartzea.