Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak, Basque District of Culture and Creativity (BDCC) plataformaren sorreraz hitz egin zuen. Bidelagun izango da plataforma, kultura eta sormena lehengai duten enpresek negozioaren gainean modu praktikoan eta didaktikoan hausnartzeko, sektorean orientabidea izateko, laguntza programen gaineko informazioa jasotzeko eta baliatzeko, edota aplikazio digitalak erabilgarri izateko, besteak beste. Ekintzailetza sustatuko da, trantsizio digitala arinduko du eta jabego intelektualaren babesa emango du.

Beharrezkoa bezain txalogarria ekimena. Bazen kulturari eta sormenari bere lekua eskaintzeko tenorea...! Bi dira pozez jaso ditudan ideiak plataforma berri honi erantsiak: batetik, plataforma honek kultur industriaren balio estrategikoa aintzat hartzea eta sustatzea duela helburu jakitea eta, bestetik, Euskadiko ekonomia indar-tzeko balioko duela irakurtzea, hau da, Euskadiko ekonomiaren beste zurtoinetako baten maila eman izana (euskal enpleguaren %5,31 suposatzen baitu eta Euskadiko enpresa independenteen %9,8).

Pozarren irakurtzen du baita ere batek, Euskadi mapamundian kokatzeko beste elementu bat gehiago izango dela, hau da, plataforma honek merkatu berrietan agi-tzeko sarbidea eskainiko duela eta Euskadi Europan posizionatuko duela, eta ez nolanahi: kultura erreferentziazko elementu gisa hartzen duen lurralde gisa baizik. Bisiodun lurralde aurreratu eta aberats gisa. Ekimen hau borobiltzeko, orain, bi gauza behar dira bakarrik: batetik, plataforma indartzea, hau da, sektorea biziberritzea eta motor ekonomiko bezala duen potentzialtasuna ustiatzea; eta, bestetik, sortzaileen talentua sustatzeko eta bideratzeko programa ezberdinak eta askotarikoak plataforma honekin lotzea. Sektorea eta sektorerako bidea, biak al biak, profesionalizatzea.