arunbatean, Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozial berria aurkeztu zuen Donostiako Kursaalean egindako aurkezpen eta elkarretaratzearen bidez. Helburua, argia: euskara eroso erabili ahal izateko baldintzak lortzea. Eta horretarako egiteko nagusia: euskararen ezagutza unibertsalizatzea.

Euskararen erabilera erosora igarotzeko, bi mailako baldintzak kontuan hartzea proposatzen da ekitaldian aurkeztutako dokumentuan: maila indibidualekoak eta kolektibokoak. Maila indibidualari dagokionean, bi dira lortu beharreko urratsak: euskara erabiltzeko gaitasuna izatea batetik eta, bestetik, euskara erabili nahi izatea. Hori lortzeko, bi motibazio mota lantzea aurreikusten da: motibazio afektiboa (komunitatearen parte izateari eta identitateari lotua) eta motibazio pragmatikoa (norbere garapen pertsonal eta profesionalari lotua). Maila kolektibokoek, ostera, erabilera babesteko eta sustatzeko arauak eta politikak eskatzen dituzte, eta horietan aurrerapauso bat ematea da dokumentuak jasotzen duen "jauzi"rako gonbitea.

Babes zabala jaso du Euskalgintzaren Kontseiluak landutako proposamenak: Euskal Herri osoko 99 eragileren babesa, baita gobernuarena eta alderdi politiko nagusiena ere. Eta Batuz aldatu jarri zaio dokumentu berriari leloa. Gerundioan.

Gero eta luzeagoa zaigu "batuz" egin behar ditugun lanen zerrenda eta adostutako ekimenak bultzatu behar ditugun sentipena. Gero eta argiago dakusagu etorkizunerako irudikatzen dugun herri honen eraikuntzan elkarrekin behar dugula, eragile sozialen bultzadarekin, saretutako indarrak baliatuz eta erakunde publikoen babesarekin. Bagoaz ikasiz elkarrekin lan egiten, etorkizuna elkarrekin irudikatzen, irudi bateratu bat adosten eta adostutako xede horretara ere elkarrekin bidea egiten. Bagoaz... Bagoaz indarrak batzen. Gizartea bateratzen. Elkar(ekin) Ekiten.

Gerundiotik (batuz) partizipiorako bidean (batuta) bagoaz...