ekretua betidanik existitu izan da eta beti existituko ere. Gutxik dakiten zerbait hori da sekretua, hedatu edo zabaldu ezin daitekeena... Sekretu bat kontatzen dizutenean, konfiantza seinaletzat hartzen dugu, hau da, hedatu ezin zitekeen gai horren inguruan jakitun egon beharreko pertsonatzat hartzen zaituztela edota delako sekretu horren gainean jakitun egon behar dutenetakotzat. Umetan, lagunari (normalean lagun kuttun bakarra izaten zen) kontatzen zenion hori, hain zuzen ere, "laguna" zenuela adierazteko izaten zen eta, gero, "laguna" ez zela lagun bakarra konturatzen zinen.

Eta ez zela lagun bakarra konturatzen zinen, zuk esandakoa esku edo aho gehiagotan somatzen hasten zinen unean. Izan ere, sekretu bat jakiteak boterea ematen du eta botere hori ikusgarri egin daiteke bakarrik, beste bati botere horren berri ematen diozunean. Hau da, sekretuaren berri ematen diozunean eta, behin berriro, ustezko goi mailako konfiantza duten horien artean sekretua biderkatzen denean.

Bestetik, sekretuak pisua sortzen du gure baitan eta pisu hori gure gainetik ahalbait lasterren liberatu nahi izaten dugu. Beste bati pasatu motxila. Partekatuta, pisua arintzeko eta arduradun bakarra izateari uzteko.

Ardurak eta ardurak daude, ordea. Sekretuaren eragin mailaren tamainakoak. Ez da inon ikasten sekretu horiek nola kudeatu behar diren. Eta lotara zeurekin eramaten dituzu. Zeure etxean hartzen dituzu apopilo. Eta, berehala, zure etxea txikitu egin dela dirudizu. Lehen baino toki gutxiago duzula bertan bizitzeko. Beste norbait edo norbaitzuekin partekatzen dituzu zure txoko kuttunak. Eta zure txoko kuttun horiek lapurtu dizkizutela sentitzen duzu. Jada, ez direla bakarrik zureak.

Sekretua okupa bat bilakatzen da. Zure intimitatearen baitan sartzen den lapurra. Bere arau propioak dituena. Zorriak bezala, biktimak behar dituena berak bizitzen jarraituko badu. Eta bestearen bizitzaz jabetzeko prozesu bitxi honi ere konpromisoa deitzen diogu, konfiantzaren izenean.