ndarkeria matxista egoerak salatzeko telefono deiak %30 igo omen dira Euskal Herrian azken egunotan. Arrazoi nagusietako bat, dirudienez, Tele5 kanalean Rocio Carrascori eskainitako programa omen. Telefono dei askotan biktimek aditzera eman ei dute, Rocioren kontakizunetan beren burua islatuta ikusi dutela eta horregatik deitzen dutela. Pozgarria dela esan behar da dei horien atzean dauden emakumeen kasuak azaleratu izana. Baina kezkagarria, benetan, Tele5 bezalako telebista kate bat izana emakume horiek dei egitera bultzatu dituena. Tele5 kanalak, denik eta kanalik matxistena izaki, bere programa gehientsuenetan justu matxismoaren eredurik bortitzena susta-tzen eta saritzen du; horietako bat omen, baita ere, Rocio Carrascori eskaini diotena, kanalaren audientzia igotzea beste helbururik ez duen esamesa programa bat, ustez (ez baitut programa ikusi) gehiago duena "ospetsuen" trapu zikinak aireratzetik, matxismoaren biktima diren emakumeen egoerak salatzetik baino. Kezkagarria, aldi berean, euskal instituzioetatik eta herrietako elkarte feminista askotarikoen aldetik egin diren informazio eta kontzientziatze kanpaina guztiak zenbat izan diren eta zenbat urtetan diharduten kontuan hartuta, nola ageriko egiten zaigun, emakume asko eta asko ez den bere egoeraz kon-tziente, harik eta Tele5eko programa batean, "ospeduna" (bere amaren lanagatik baina ez beragatik) den baina ezagutu ere egiten ez duen pertsona batek telebistan kontatzen duen istorio batean bere burua islatuta ikusten duen arte. Non eta nora begira bizi gara? Esan gabe doa, delako ospedunak bere istorioa kontatzeagatik dirua irabazten duela eta programa, seguraski, bere ospe egoerari buelta emateko aukera bilakatuko duela.

Harrigarria da, bada, ze koordenadatan bizi garen ikustea, emakume askoren eragin eremuak zeintzuk izan daitezkeen edo diren kontu ematea eta emakume askok bere bizimodua bideratzeko hartzen dituen erabakiak zein nolako gune eta espazioetan ereiten diren deskubritzea. Benetan harritzekoa.