ei baten zain nengoen pasa den hilaren 6an eta, denbora eztitze aldera, telebista piztu nuen. Katez kate ibili nintzen arreta gehiegirik jarri gabe, harik eta albistegi batean Estatu Batuetako Kapitolio inguruan gertatzen ari ziren istiluak begi aurrean izan nituen arte. Aho zabalik gelditu nintzen eta deitu behar zidanari horretaz hitz egin nion berehala.

Xelebre asko ikusten ziren, gerora ospetsu bihurtu eta espetxeratu omen dituzten xelebre horiek guztiak, baina baziren ere beste batzuk ez hain xelebre. Hedabideek xelebrekeriak maite dituztenez, jende askok uste du istiluetan parte hartu zutenak ez daudela burutik oso sano. Ahazten zaigu, horrela, Trump presidentea (berau arras xelebrea) eta zenbait senatari eta kongresukide xelebreak eta ez-xelebreak (arrazistak ez dira xelebreak) xaxatzen ibili direla aspaldidanik. Istiluetan hildakoak egon ziren, ahazten zaigun beste xehetasun bat. Serioegia da kontua, guztion geroa iluntzen baitu.

"Errepublika bananero" hitzak plazaratu zituzten batzuek. Beste batzuek hori errepublika bananeroak iraintzea zela erantzun zuten. Ez dakit zergatik, azken finean estatubatuar askorentzat mundu guztia, salbuespen gutxi batzuk kenduta, errepublika bananeroz eta diktadura petroliodunez osaturik dago. Estatu Batuetako gobernuek diktadura petroliodunak nahiago dituzte (Espainiako errege zaharrak bezala), eta betidanik egon dira prest edozein herrialde errepublika bananero bihurtzeko, komeni bazaie. Orain Estatu Batuetan gertutik ezagutzen ari dira beste herrialde eta parlamentu askotan probokatu dutena.

"Gerratik itzultzean, inbaditzaileek ezkutuan ekartzen dituzte uniformeen tolesduretan eta boten zoletan beraien gizartea kutsatu eta beraien askatasunak hondatuko dituen germena". Zbigniew Herbert poeta poloniarrak orain dela berrogeita hamar urte idatzi zituen hitz horiek Samos uhartean K.a. V. mendean gertatu eta Perikles-en gainbeheraren hasieran mugarria izan zen gerraz ari denean. Poeta onen saioek, modako saioek uzten duten gustu txarra ederki garbitzeaz gain, mundua ulertzeko bidea zabaltzen dute.