xikia nintzenean, bazegoen herrian emakume bat, ikusten ninduen ia aldi oro galdera berarekin erasotzen ninduena: zu nongoa zara?

Nik, galdera nondik nora zetorren usainduta, nire gurasoen izen-abizenak ematen nizkion aditzera eta berak ezetz egiten zidan arrapostu, ni "txarritxikineku" nintzela-eta. Familiaren ezizena zen "txarritxikineku" (aitonak txarkuteria izan zuelako eta txerrikiak prestatzeko, garai batean, ohi baino txikiagoak ziren txerriak erosi zituelako jarritakoa).

Emakume hark zitalkeriaz galdetzen zidan nongoa nintzen, berak gainetik egiteko: "Handiustekeriak alde batera utzi eta onartu behingoz nongoa zaren". Baina ez zen handiustekeria. Nire nortasun propioa aldarrikatu nahia besterik.

Iñigo Aranbarrik, igandeko Berriako zutabean, nongotasunaz jardun du. Jose Luis Zumeta gipuzkoar pintore gisa lerroetaratu dutela esanez. Gipuzkoarra dela esateak handitu, txikitu edo besterik egiten du Zumeta? Horixe da nik egingo nukeen galdera.

Euskaldunok berebiziko ohitura dugu pertsonak kaxoietan sartzeko. Bakoitza bere lekuan. Eta nahastu gabe. Mugak jartzea dugu lehentasun. Bat izatea aski konplexua ez balitz bezala.

Edozein herritarrek erreferenteak bilatzen ditu bere burua eta ingurunea handitzeko. Sarri askotan, gure herriko norbaitek zerbait garrantzitsua egin duenean, "gure herrikoa da" esaten dugu eta delako horrek lortutako garaipenaren parte egiten gara. Beste horren kontura kokatzen eta handitzen dugu gure burua.

Kontua da, beste hori, "gure herrikoa da" esanda, gu bezainbeste handitzen den. Zumeta gipuzkoarra zenik ez dago inolako zalan-tzarik. Kontua da, bere pertsona eta egindako lana kontuan hartuta, gipuzkoarra dela azpimarratzeak, zenbateraino indartzen duen berak egindako lan guztia, jaiotzeagatik bakarrik lortu duen titulua aintzatesten baldin badugu, bestelako ezaugarri guztien aurretik.

Maila guztietako mugak gainditu dituen artista bat deskribatzeko mugatzailea den lurralde irizpidea erabiltzea, ez da Herri (hizki larriz) handi bat irudikatzeko eta egituratzeko modurik egokiena.