upermerkatuan kutxan dagoen emakume gaztearen argibideak zintzo-zintzo bete ditut: aurrekoarekin tartea arretaz zaindu, erositakoa kutxako mutur batean utzi, ondoan dagoen kutxatik beste aldera pasa, beste mutur horretan erositakoa jaso, besoa luzatu txartelak emateko. Aspaldiko ezagunak garenez, supermerkatuko ezagunak besterik ez, galdetu diot zer moduz daraman gauza. "Gaizki", erantzun dit gordin. Etxera iritsi arte ez dela lasai egoten, eguneroko tentsioa, aurpegian azkura sentitzeko zera hori lanean hasi bezain laster, ezinegona, urduriak... Zintzoago bete ditut azken aginduak, presarik gabe. Zertarako presa egun hauetan. Bera bezalako langileei esker ditugu besteok hozkailuak gainezka, lanbide gutxi baloratu horiek dira orain garrantzizkoenak (lasai, hau bukatzean dena ahantziko dugu).

Etxean Lukashenko Bielorrusiako presidentea nire telebistan hizketan ari zen: koronabirusa hiltzeko hoberena dela egunean 100 gramo vodka edatea (literatura errusiarra irakurtzen duen edonork daki vodka gramotan neurtzen dutela han), eta astean hirutan, gutxienez, sauna lehorrera joatea, koronabirusak ez duelako 60 gradu jasaten. Beharrezkoak dira ere Lukashenko bezalakoak. Haren ondoan Macron, Johnson, Sánchez, Urkullu eta abarrekin pozik egon gaitezke, ez dute ergelkeriarik esaten (Boris Johnson bera bide onean dago jadanik), zentzuzkoak dira, serioak, fundamentuzkoak. Urkulluri ez litzaioke inoz burutik pasako patxarana erabiltzea txantxak egiteko. Esku onenetan gaude. Ez litzaidake batere harrituko Lukashenko egunero ikusiko bagenu telebistan hemendik aurrera; edo Boliviako presidente hori (izena bilatzeko gogorik ez orain), koronabisuraren aurka baraua eta otoitzak gomendatzen dituena.

Italiatik datozen albisteak irakurri ditut: hemengo etorkizuna asmatzeko biderik onena da. Behar-beharrezkoa ez den guztia itxi dute, lantegiak eta. Urkulluri ikasi diot "koma ekonomikoa" esapidea, nire ezjakintasuna infinitua da. Ez dago aspertzerik.

Nola ibiliko dira gaur auzoko supermerkatukoak?