Italiako iparraldean elizak irekita egon dira (eta ez museoak edo zinemak, adibidez) koronabirusak sortutako larrialdi egoera dela eta. Neurri bitxiak hartu dituzte, ez beti berdinak, eskualdearen arabera: leku batzuetan mezak, hileta-elizkizunak eta abar bertan behera utzi dituzte aste betez; beste batzuetan ur bedeinkatua kendu dute edo mezetan eskua ematearen erritoa desagertu da; azkenik, apezpiku batzuek agindu dute jaunartzean ostia eskuan utzi behar dutela apaizek eta ez ahoan. Badirudi fededunek ez dutela konfiantza handiegirik beren erlijioak errepikatzen dituen egiatan (agian erlijioa faltsua delako, baina utz ditzadan biraoak une batez). Saudi Arabiako agintariek ere antzera jokatu dute eta Mekan antolatzen diren erromesaldiak bertan behera gelditu dira, atzerritar musulmanei herrialdera sartzea debekatu dietelarik; badirudi islamarentzat ere erlijioak eskaintzen dituen ziurtasun guztiak ez direla ezer une larrienetan (agian erlijioa faltsua delako, baina...).

Horregatik ulertezina bezain hunkigarria (edo) iruditu zait Sevillako kofradia bateko arduradunak adierazi duena, Ama Birjinari, Ama Birjinaren estatuari hobe, egiten dizkioten eskumuinak betiko moduan mantenduko dituztela Ama Birjinaren eskuak garbi-garbiak direlako (estatuarenak?). Ez dago horiek bezalako fededunik, fanatikorik hobe. Gaixotuko dira, baina pozik. "Tantum religio potuit suadere malorum", zelako astakeriak egitera bultza dezake erlijioak, Lukreziok idatzi zuena (kristautasuna jaio aurretik) errepika dezakegu orain.

Nolanahi ere, oraingo jainko berria maskara da, eskumuin eta intsentsu guztiak merezi dituen idolo bakarra (eta gel desinfektatzailea, baina gutxiago). Eta oraingo erlijio berria Komunikazioa-Hedabideak deitu ahal duguna, bere abadekazetari horiekin guztiekin, behar ez denean maskarak edo termometroak jartzen dituztenak, jendea beldurtzen dabiltzanak, enpresak horixe agindu duelako, aizu, audientziak horixe nahi duelako, aizu, edozein ergelkeriari informazioa deitzen diotenak. Salbuespenak daude, bai; gutxi. Erlijio berria, aurrekoak bezain faltsua.