Jargunaren gaineko ebaluazioarekin ere gauza bera gertatzen da. Emaitzak jasotzen ditugunean, sisteman zuloak non dauden galdezka hasten gara, eta sistema aldatzea erabakitzen dugu, eta saiakera berriak egiten, behin eta berriro. Ez dugu begi bistan dagoena ikusi nahi izaten. Ebaluazioa egiten dutenek, alegia, ez dituztela langileen konpetentziak hobetzeko tresnak ezagutzen, edota langileari zertan egiten duen herren esatea ekiditen dutela. Eta errazena egiten dugu: sistemari egotzi errua eta sistema aldatu. EGArekin eta orain EGAren ordezko azterketarekin ere berdin dagigu. Aurtengoan pixka bat jende gutxiagok parte hartu badu ere, emaitzak ez dira aldatu. Lautik batek gainditu omen du bakarrik. Atariko atala kendu zaio azterketari, eta idazketa zein ahozko ataletan, akats ortografiko edo sintaktikoen gainetik, ulergarritasunak eta komunikagarritasunak behar zuten oinarri. Baina emaitzak EGAko azterketan ateratzen ziren berberak izan dira. Eta hasi gara berriz ere azterketaren edukien gainean hitz egiten, eta atal bakoitzaren pisuaz, eta zuzentzaileek aplikatutako irizpideez eta ez dugu ikusi edo onartu nahi mutur aurrean duguna. Batxilergoko eta unibertsitateetako irakasleei zera galdetuko nieke, bada: beraien ikasleen zein portzentaje ote den gai (ez taldelanean, baizik eta bakarka) gai bat (edozein aukeratuta) idatziz eta, batez ere, ahoz euskaraz egoki garatzeko eta azaltzeko. Nago, erantzuna, EGAko eta EGAren ordezko azterketan ateratakoaren parekoa dela. Arazoa ez da azterketa. Azterketara daramaten maila baizik. Ez da egia Batxilergoa D ereduan egiten duten ikasle guztiek B2 maila dutenik eta, ezta ere, unibertsitateko ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleak, oro har, C1 mailarekin ateratzen direnik. Ez komunikagarritasunari dagokionean. Ulermen arazo agerikoak antzematen zaizkie askotan (baita irakasleei beraiei ulertzeko ere), eta, ahozkoan, lan bat sakon aurkezteko ezintasun nabariak. Beraz, azterketa sistema ezezik, euskararen irakaskun-tza sistema da aztertu beharrekoa.