Ziritik

"Gerra gurea", Xabier Euzkitze bidez

27.02.2022 | 00:45
"Gerra gurea", Xabier Euzkitze bidez

Gerra baino lehen, gerra eta gero gerraostea. Hegoaldeko biztanleok gerraz hitz egiten dugularik –iparraldekoentzat besterik da– bat eta bera izaten dugu buruan: bi gizon txiki eta genozida handi buru zirela espainiar eskuin erreakzionarioak eztandarazi zuena; milaka herritar hil, espetxeratu eta deserriratu zituena; gu, eta ez gu bakarrik, herri gisa suntsitu nahi izan gintuena; gure hizkun-tza, izaera, pentsaera desagerrarazten saiatu zena. Hain da oraindik hurbilekoa! Gure aita Gernikako bondardaketaren biharamunean munduratu zen. Attitte Gillermo Bizkaiko frontetik etorri zen mendiz Euzkitze baserrira, alaba jaio berria, gure ama, ezagutzera. Gerraostea ez zuten samurragoa izan. Sekula itxiko ez den zauri bat, denak galtzaileen bandokoak izaki. Gerraurre, gerra, gerraoste... ez ogi eta ez ospe.

Gure gerra, gure oroitzapenak, gure zauriak. Zenbat gerra madarikatu, ordea, mundutxo petral honetan. Oraintxe bertan baditugu bi distantzia bertsura, oihartzun hagitz desberdina izaten ari direnak. Maroko eta Sahararen arteko gerra desorekatuan, Mohamed VI.a satraparen armadak aski nagusitasun du helburuak zarata handirik atera gabe lor-tzeko. Eta ari da. Non irakur daiteke gatazka hari buruzko informaziorik? Gaur otsailak 27 ditu. 46 urte jada, eta, gerrak gerra, sahararren afera ahanzturak irentsia.

Errusiako satrapak ez du isiltasun eta disimulu beharrik. Geopolitika, kokapen estrategikoa, boterearen eta hedadura galduaren berreskurapena... Eta Ukrainan bondardaketen erdian jaiotzen ari diren haurrak, emaztea erditu baino lehen frontera abiatu behar duten senarrak, ez ogi eta ez ospe geratuko diren familia errotik deseginak... Zenbat gerra gureaz harago. Eta denak geureak.

Más información

noticias de noticiasdegipuzkoa