Papek 13 urte bete berri zituen gurera etorri zen momentuan. Abenduaren 20a zen. Hurrengo egunean Santomas ospatzera joan ginen Donostiara, bera ere baserritar jantzita. Musulmana izanik, oso argi ekarri zuen ez zuela txerrikirik jango, baina bazuen lehenagoko arazorik; sei urte zituela etxe aurreko koska batean erori eta matrailezurra hautsi zuen, eta geroztik ahorik ireki ezinik bizi zen. Zazpi urte zeramatzan zopaz eta purez elikatzen! Bi egonalditan egindako zenbait ebakuntzaren ondoren, Izetako txuleta-hezurrak ederki garbitzen zituela jarri zen. Baina hel diezaiodan hariari. Santomas egunaren ondoren, mozorro eta txorizo festa hura irensteko astirik izaterako, eguberriak bizi izan zituen. Tximiniatik sar-tzen omen zen tripa-handi batek opari ederrak ekarri zizkion hari ere. Auskalo zer pentsatu edo sinetsi zuen, baina pozik eta esker onez hartu zituen guztiak.

Duela lau urte Senegalera joan ginenean, taxi-gidari kristau batek eraman gintuen hoteleraino. Gutxiengo izanik ere, hango kristauek ez dute beren sinestea erakusteko lotsarik eta beldurrik. Paperen-eta herrian berrehunen bat lagun biziko dira. Ez da tabernarik, noski, ez elizarik ere. Meskita eder bat bai. Eta begirune itzela. Gure otoitzetarako alfonbrarik edo gelarik behar ote genuen galdegin ziguten.

Papek Senegalen jarraitzen du. Ia sei urte dira sorterrira itzuli zela, baina euskarari bikain baino bikainago eusten dio. Baita begiruneari ere. Eguberri on, familia! idatzi zuen herenegun familiako WhatsApp taldean. Badaki sinesmen desberdinak izan arren amodioa dela denen oinarri. Eta onginahia. Jaso ezazue nirea.