zken urteotako hauteskundeek espainiar Estatuko bipartidismo historikoari astindu bat eman badiote ere, oraindik bi bloke nagusiek biltzen dute ordezkaritzarik handiena, eta mementuz ez dakusagu bien arteko alternantzia beste perspektibarik. Lehentxeago edo geroxeago PPren hautagaia Espainiako presidente izango da. Casado, porrot-bildumagile masterduna, alderdiaren konbentzioan murgildurik dabil buru-belarri, bonsai batetik urkaturik ikusi nahi luketela lirudikeen aholkulariz inguraturik. Izan ere, gonbidatu duten ponente sortarekin, haien orbelak Casadoren bonsaia estali du.

Espainiako eskuin-muturraren guruetako bat izan da konbentzioan, Vargas Llosa guru-handia: "Latinoamerikarrak botoa ematean erratu egin dira. Hauteskundeetan garrantzitsuena ez da botoa emateko askatasuna, botoa nori eman ongi aukeratzea baizik." Eta gero kamerinora joan da, ispiluan bere burua ederrestera. Zer demokrazia mota da botoen on-gaitzak supremazista aberats baten oniritziaren baitakoak lituzkeena? Zer askatasun mota da botoa eman behar duenari tronpatzeko eskubiderik ez lemaiokeena? Zer intelektual mota da bere burua herritarren hautuaren zuzentasuna epaitzeko gai ikusten duena? Zer alderdi mota da jada kondenatua izan eta bigarren zigor baten atarian den frantziar presidente ohi bat gonbidatzen duena; VOX alderdiaren sortzaileetako bati hitza ematen diona; sarraskian dituen erantzukizun historiko perbertsoei muzin egin eta Sarkozy eta Durao Barroso Picassoren Gernika ikustera eramateko erreparorik ez duena; ahobeteka estatutua goratu eta hark jasoa duen espetxeen eskuduntza Jaurlaritzaren esku uzteaz haserretu dena... A zer kuadrilla oilategia gobernatzeko.