Lagun batek esan zidan euskaraz ez zuela aurkitzen erdarazko "ternura" erdal hitzaren ordain egokirik, sentipen hori adierazko modukorik. Harri eta zur utzi ninduen. Goxotasun, samurtasun eta eztitasun izan eta ternura behar! Euskalduna da hori esan zidan laguna, baina hor argi utzi zidan adierazkortasuna samurtasuna ere bai beharbada beste hizkuntza batek damaiola. Maizen egiten didaten galdera honakoa da: "Hau nola esango zenuke euskaraz?". Ia beti erantzun berak balio izaten du: euskaraz pentsatuta.

Ez da zerrenda laburra, baina traketsen erabiltzen ditugun hitzen lehen postua "bota" aditzari dagokiola uste dut. Badira larritasun handirik gabeko erabilerak. Bakarren bat inoren belarrietan minik ez emateraino hedatu da, faltan bota, adibidez. Baina beste hainbat ere normaltzen ari dira, tartean kirtenkeria itzelak. Paratxutean bota nintzen; siesta ederra bota dut; tripa botatzen ari zara; zigarro bat botatzera noa; alferrik botata dago; atzera bota zen; andregaia bota omen du...

Horiek esateko ez ezik, horien zentzua atzemateko ere erabat kutsatuta egon beharra dago. Halaxe gaude. Ez dut aipatu gabea Lazkao Txikiren ateraldia, baina orain ere egoki dator bada: zenbaiten euskara ulertzeko erdara asko jakin beharra zagok...

Sustrai sakonak bota ditu erdarak gure buru txirbilduetan. Botatzen hasita, bertsoren bat botako nizueke, izatekotan ere, zuen gogokoen zerrendatik bota ez nazazuen. Edo amaitu berri den urtea botako nuke zaborretara. Erronkarik ez botatzea hobe honezkero. Eta zuek? Bota!