Ez diegu estimazio handirik izan eskribauei. Batzuk ez ziren euskaldunak izaten. Euskara mintzatzen edo ulertzen zutenen artean, Gaztelan trebatuak asko. Bestetik, administrazioko erakundeetako beharginak izanik, haien agindu eta irizpide politikoen mende egongo ziren. Ezjakintasunez edo herraz, hainbat euskal izen-deitura eta toponimo itxuragabetu zituzten. 2006an, Nafarroako Gobernuak Estella-Lizarra izen ofizial izateari uko egin zionean, bazekien zertan ziharduen: jatorrizko euskal izenaren hedapena eragotzi eta itxurarik gabeko erdarazko ordaina ezartzen. Lizarran oso ugaria da izen bereko zuhaitza, Lizarragan eta Lizarrustin bezala. Nafarroako Errege Antso V.a Remiritzek hiria eraikitzea erabaki zuenean, Ega ibaiaren bazterreko leku hark aurrez zuen izenaz galdegin zuen. Eskribauak euskaraz jakin ez, ustezko jakintsu bati galdetu, eta hark Lizarra itzuli beharrean Izarra itzuli. Antzeko bilakaerak izan dituzte beste hainbat toponimok: Bi Ahizpe-Dos Hermanas, Muru Artederreta-Muruarte de Reta... Lizunen batek pentsatuko du Uzkioko eskribauak talentu handiagoa zuela: Uzquiano. Apaizak eta odolkiak egiten diren bezalakoak izaten omen dira. Eskribauak ere bai, menturaz. Euskararen Nazioarteko Egunean izan dugu Azkoitiko eskribau baten poema baten berri. 1508 eta 1521 artean idatzia dela uste dute. Eta artikulu hau idazten ari naizen bitartean, begiak itxi ditut; ordenagailuaren argia kandela-argi bihurtu zait, pantaila paper, teklatua idazluma; gure Azkoiti maiteko eskribau-ikasle gazte maitemindu bat irudikatu dut, bihotza mintzo zitzaion hizkuntzan maiteari poema bat idazten; eta, erabat hunkiturik, oraingoz izenik ere ez duen egile xume harekin konexio mistiko paregabe bat lortu dut.

Ez dakit poema harekin maitea limurtzerik lortu ote zuen, baina bihotzetik paperera euskaraz transkribatutako hitz samurrokin bost mende geroagoko euskaldunak hunkitu gaitu.

Ene laztan gozo ederra, penaz penaçen naçu....