Gertakari garrantzitsuak oroimenean itsatsirik geratzen zaizkigun haiek omen dira. Aldi berean, gehiegizko balioa ematen diogu memoriari. Nireak, behin behar eta, huts egin dit. Duela 40 urteko balentria, euskal espedizio batek munduko gailurra erdietsi zuenekoa, tatxarik gabeko lorpentzat nuen. Euskal herritarrok Everesteko tontorrera heldu ginen, eta goraino iritsi zen espediziokide bakarrak euskaraz eman zien gainerakoei lorpenaren berri: "alletu naz, alletu naz. Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi antinuklearra!". Familian, lagunartean nahiz eskolan harrotasunez ospatu genuen. Ez zen 12 gazteren arrakasta soilik, euskaldunon garaipena zen, herri-sentipenak errotuta ditugunona. Agian ene inguru hagitz politizatuak ezikusiarena egin nahi izango zuen gailurrean utzi zuten ikurrinak zeramatzan anagrametako baten aurrean; beharbada ez zuten Euskal Herri osoaren garaipentzat sentitu genuen hura herriaren izenean beste herritar batzuk hiltzen zituen talde armatu baten ikurrarekin lohituta ikusi nahiko; menturaz, neure memoriak ezabaketa selektiboa egin du. Handik bi egunera hil zuten Ceferino Peña Arroa Behean, atzo 40 urte. Herriaren izenean, gure askatasunarenean. Hiru urteko alabari eskua emanda zegoela. Horrek ere ez zuen atzeratu hiltzailea. Hiru tiro eman zizkion. Erratu egin omen ziren. Barkatu, beste bat hil nahi genuen. "Herriaren beste etsairen bat" izango zuten jomugan, baina ez zuten informazioa egiaztatzeko axolarik izan. Zergatik denborarik galdu xehetasunetan? Egun berean bi goardia zibil hil zituzten Goizuetan. Han bai, han asmatu, haiexek hil nahi zituzten. 40 urte. Hainbeste da eta ezer ez. Gauza asko ahantzi zaizkigu, ditugu. Min emango badigute ere, gure harrotasuna lohituko badute ere, gogoratu beharrekoak.