"normal-normal ari gara lanean, beste zenbait estadiotan izaten ez dugun hurbiltasunarekin gainera", esan zuen Movistar+ kateko Mónica Marchante kazetariak Saudi Arabiako futbol zelai batetik egindako konexioan. "Palkoan emakumeak ikusi ditut". Twitter bidez eran-tzun zion Eli Sarasolak, PSV taldean diharduen atezain donostiarrak: "andregaia bazenu, kartzelan sartuko zintuzkete. Baina dena oso normala eta hurbila...". Egur handi samarra eman diete Marchanteri eta Movistarri sare sozialetan, herrialde hartan emakumeek bizi duten egoera zuritzeko ahalegina delakoan. Espainiako superkopa jokatzen ari dira egunotan, herrialdearen itxura-zuriketa ahalegin neurrigabean. Movistar+ izan da ekitaldi horren irudi eskubideak erosi dituen katea, beste zenbaitek giza eskubideen zapalketagatik uko egin ondoren. Zuriketan laguntzea dateke ordainketa modu bat. Marchantek ez du hoteleko gimnasiora edo igerilekura joaterik, emakumeek debekatuta daukate. Orkatiletarainoko soineko lasaiak eramatera behartuta dago, emakume gorpu-tzaren siluetarik ez antzemateko modukoak. Oraindik bi urte ez dira emakumeei autoak gidatzeko baimena eman zietela. Halere, baimendu aurrez gidatzeagatik zigortutako zenbait emakumek kartzelan jarraitzen dute oraindik. Shaima Jastaniari hamar zigorkada eman zizkioten. Zenbait egunkarik araua hautsi duten emakumeen argazkiak argitaratu izan dituzte, irudien gainean "traidorea" hitza jarrita. Saudi Arabia munduko herrialderik aberatsenetakoa da. Baita diktadurarik itogarrienetakoa ere. Erlijioaren izenean ezarritako debeku eta murrizketen bitartez, gobernuak sekulako kontrola ezartzen dio herritar bakoitzari, emakumeei bereziki, eta giza eskubiderik oinarrizkoenak zapaltzen dizkiete. Homosexualitatea, esate baterako, heriotzarekin ordaintzen da, baita adulterioa ere. Errealitate horri bizkar eman die Espainiako Futbol Federazioak eta ekitaldiaren emisio-eskubideak erosi dituzten hedabideek, salbuespen egoera behar lukeenari normaltasun itxura eman diote. Saudi Arabiako agintariekin normal-normal egin dituzte negozioak. Bi herrialdeetako erregeek bezala.