Ziritik

Torra eta estatuaren satorra

05.01.2020 | 06:23

Espainiar estatuaren egiturak ezin dira edozein moduz dardararazi, are gutxiago eraitsi. Gobernuak alda daitezke, joan eta etorri, alde batekoak edo bestekoak izan, baina hirugarren aukera batek ez du egundo lekurik izango, baldin eta egiturak bezain zurruna ez bada. Hirugarren aukera hori ezkerreko alderdi batekin osatua eta indar independentistek sustengatua bada, estatuaren aparatuak arduratuko dira bideak deuseztatzeaz, zubiak suntsitzeaz.

Sanchezen beraren edo honen talde negoziatzailearen bulegotik aukera hagitz ugari eta desberdinak pasatu dira banan-banan. Horien bidez inbestidurarako babes-ariketa funanbulista bermatua zegoela zirudienean, estatuaren egiturek moztu dituzte hariak, kasu honetan Espainiako Hauteskunde Batzordearen bitartez. Egiturok ez daude gobernuen baitan, horiez gaindiko zerbait dira, eta ongi dakite zein orkatila ostikatu behar duten Sanchez presidente izendatuko lukeen akordio-sarea herrenka jartzeko. Torra presidentea kargugabetzeko bigarren urratsa emanik, ERCri zaildu egin zaio Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko oreka-ariketa.

Lehendik ondo genekiena berretsi besterik ez du egin estatuaren azken maniobrak: bere esku dituen amarru eta baliabide guztiak erabiliko ditu egiturak lehenean jarrai dezan. Egitura horren baitan goxo eta epel egon da PSOE, txintik esan gabe, xingola horien aferak Torra kargugabetzeko arriskuan jarri duenean. Baina hainbat jatorri eta joeratako independentistekin gobernua bideratu ondoren, afera horrek berak korapilatu dio dena.

Espainiar estatuaren egiturak kargugabetu zuen Puigdemont, ez parlamentuak. Gauza bera egin nahi dute Torrarekin. Joko zikin honek ez dio Sanchezen inbestidurari soilik eragite, ezta Kataluniaren erakunde demokratikoki hautatuei bakarrik ere. Honek demokrazia eta justizia jartzen ditu dilindan. Horren aurrean ez da geratzen elkar hartu eta politikaren duintasuna denon artean borrokatzea beste aukerarik. Desberdintasun denen gainetik eta trumoi guztien azpitik.