Boteprontoan

Sinistu

16.10.2021 | 00:53
Sinistu

Geure buruaren boterea neurtezina da. Eta zer esan geure burua zerbaitez konbentzitzeko dugun ahalmenaz. Izan ere, kapaz gara goiz hotz hauetako batean etxetik jaka bakeroarekin irten eta jantzi horrek beroa ematen digula sinisteko ere. Jaka bakeroa, jantzi homeopatiko hori. Berorik ematen ez duen baina behin jantzita beroago gaudela sinestarazten digun jantzi tranpati hori. Eta horrela gertatzen zaigu ia guztiarekin. On egingo dizula uste baduzu, on egingo dizu. Zenbat aldiz errepikatu didan amak esaldi hori, eta amek behin eta berriz esaten dituzten esaldi guztiak bezala, egia berdaderoa da. "Eskerrak jaka bakeroa atera dudan, bestela honezkero izoztuta nengoen", pentsatzen dugu. Eta bitartean dardarka gaude, baina berdin dio, garran-tzitsuena ondo sentitzea eta sinestea baita.

Batzuetan entzuten ditut diskurtso batzuk, bereziki zenbait politikoenak, eta pentsatzen dut: benetan konbentzituta esaten duzu esaten duzun hori? Eta hala bada, nork konbentzitu zaitu zure hitzen bikaintasun eta egokitasunaz? Izan ere, beti egon behar da norbait, publikoki aurpegia emango duen pertsona berotu eta animatuko duena, kasu askotan zentzugabekeria bat botatzeko. Bada jendea, beraz, jaka bakeroen botere homeopatikoa duena norbaiti sinestarazteko jantzita doala benetan biluzik dagoenean, Andersenen ipuineko enperadorea bezala.

Honelako pertsonek, hain dute besteak konbentzitzeko ahalmen handia, nahi ez duzun hori egitera bultzatzen zaituzte batzuetan, eta gustatzen zaizula sinetsita gainera. Inguratzen gaituen marketin kontsumistaren makineria handiak egunero erabiltzen dituen argudio eta tresna berberak erabiltzen dituzte: jaka honek beroa emango dizu, krema honek gaztetu egingo zaitu, kolonia honek sexyagoa egingo zaitu eta autolaguntzako liburu honek zure arazoentzako irtenbide magiko guztiak jarriko dizkizu eskura.

Baina audientzia erraza dute, izan ere, askotan gehiengoak hori eskatzen baitu: konbentzitu nazazue, konbentzitu nazazue edozerrez, nik nahi dudan bakarra zoriontsu izatea da eta. Nahiz eta eskakizuna dardarka egin, jaka bakeroa jantzita.

noticias de noticiasdegipuzkoa