Boteprontoan

Hor daudenak

16.10.2020 | 01:29
Hor daudenak

Etxean istripu bat izanez gero, errepidean autoaren gurpila zulatuz gero edo kalean bat bateko min batek jota larrialdietara joateko beharra sentituz gero, nori deituko zenioke? Boteprontoan bakoi-tzari pertsona bat edo agian bi datozkigu burura. Nortzuk dira pertsona horiek? Nortasun, tankera eta era ezberdinetako pertsonak dira, beraiekin izan dezakegun harremana ere ezberdina izan daiteke, baina seguru aski denek dute ezaugarri bat: denek hartzen dute beti telefonoa. Denek erantzuten dute. Badakigu deituz gero, telefonoaren beste aldean "Bai?" entzungo dugula laster. Badakigu adi daudela.

Telefonoarena izan daiteke bizitzaren eremu guztietara hedatzen den jarrera baten metafora. Izan ere, badakigu askotan batzuek ezin dutela telefonoa hartu euren lantokian debekatua dutelako, edo ez direlako telefono zaleak, baina "telefonoa beti hartzen dutenak" kategoria horretan sartu daitezke hala ere. Azkenean, kategoria horretan sartzen diren pertsonak entzuteko prest daudenak baitira, euren inguruari begira daudenak, igorle izateaz gain hartzaile izateko jarrera ere dutenak. Bi hitzetan esateko, pertsona horiek dira "beti hor daudenak".

Eta "hor daudenak" ez dira beti asko izaten. Izan ere, eta telefonoetara bueltatuz, batzuk "hor daude" zerbait esateko dutenean bakarrik, baina ez zerbait entzun behar dutenean. Normalean halakoei gaizki datorkie besteen beharrak eta penak entzutea. Telefonoa har-tzen ez dutenen kategorian sartzen dira hauek, baina jarrera bera dute sekula deitzen ez dutenen arteko askok ere. Zenbat eta zenbat pertsona ezagutzen dugu ez dutenak ia inoiz deitzen, harremana ez galtzeko ardura besteen gain jartzen dutenak. Eurekin harremana ez baduzu galdu nahi, zeuk deitu beharko diezu. Eta zeurea izango da harreman hori bizirik mantentzeko ardura.

Baina nola jakin benetan "hor daudenak" nortzuk diren? Nahikoa da zeure burua egoera larri batean ikustea eta nori deituko zenioke pentsatzea. Nori deituko zenioke zuk? Zergatik? Pentsa ezazu.