makumeei epika falta zaigu. Feminismoaren pentsalari eta erreferente diren Ana de Miguel eta Amelia Valcarcelen arteko elkarrizketa batean entzun nuen esaldia. Biek gogoratu zutenez, Historiak ez ditu jaso emakumeek gizarte honi egindako ekarpenak, ez dira agertu, eta agertu direnean zaintzaren esparru pribatuarekin harremanetan izan da edo gizonen desioaren objektu bezala. Epika gizonen balentriei lotua egon da beti, haien konkista eta aurkikuntzei.

Diputatuen Kongresuan ateratako argazki bati begira nago: dagoeneko famatu egin den Valentina, Kongresuko langilea, oholtzara igota dago, "gauza garrantzitsuez" hitz egiten den leku horretara, eta maskara eta eskularruak jantzita, trapu batekin ari da mikrofonoa desinfektatzen. Eta iruditu zait une batez epika hor dagoela, argazki horretan, emakumea argiztatzen duen foku horretan. Emakume ikusezin bat, bat-batean, larrialdi egoera baten aurrean, argituta agertu da. Eta harekin batera, egunero bizitzari eusten badiote ere, gure gizartean ikusezin diren beste emakume asko agertu dira. Barruan eta kanpoan lan egiten duten emakumeak; sektore feminizatuetan eta ondorioz gaizki ordainduetan ari diren emakumeak: erizaintzako laguntzaileak, supermerkatuetako kutxazainak, zaintzaileak, sukaldariak, etxeko langileak... Lan ikusezin eta gutxietsien tradizioaren isla direnak. Prekarietatea eta balorazio ezaren isla.

Krisi honek aukera bat ematen digu gure bizitzek aurrera egiteko behar ditugun gauza garrantzitsuak zeintzuk diren argiago ikusteko. Agerian geratzen ari da ez garela pertsona autonomoak, baizik eta elkarren mendekoak erabat, elkarren zaintza gure bizitzaren bizkarrezurra dela eta arlo kolektiboa, publikoa, behar dugula zaintzaren eskaerari erantzuteko. Lan hori duina eta balioetsia izan behar dela eta ezin dela modu guztiz desorekatuan emakumeen gain jarri.

Epika bat behar dugu. Txaloak behar ditugu emakumeentzat balkoietatik eta hemiziklotik. Baina batez ere lan duinak, baloratuak, ondo ordainduak eta ondo banatuak behar ditugu.