Boteprontoan

Taldea

13.03.2020 | 01:10
Taldea

Literaturan, sortzen ari garen pertsonaia ondo ezagutzeko modu eraginkorrena izaten da pertsonaia hori muturreko egoera batera eramatea. Egoera horren aurrean pertsonaiak duen erreakzioaren bitartez ikusiko dugu benetan nolakoa den. Fikziozko pertsonaiak ez ezik, guk guztiok egoera zailenetan erakusten dugu nolakoak garen. Une horietan hartzen ditugun erabakiek erretratatu egiten gaituzte.

Koronabirusaren krisia dela eta egunotan supermerkatuetan modu konpultsiboan erosten aritu den jendearen argazkiak ez digu leku onenean jartzen. Esnearen, haragiaren (komuneko paperaren?) apalak husten aritu den jendeak alarma soziala eragiteaz gain, gizarte indibidualista baten argazkia erakutsi digu, kontzientzia sozialik gabeko gizarte batena. Eta honelakoetan konturatzen gara zein garrantzitsua den gizarte batean kon-tzientzia soziala hedatzea, jendeak ulertzea elkarrekin zerbait osatzen dugun pertsona-taldea garela, espazio komun bat partekatzen duen pertsona-taldea, eta krisi hau bezalako erronka baten aurrean denok bat eginda erantzun beharra dugula.

Herri honetan auzolanaren kulturak luzaroan eta esparru askotan funtzionatu du, eta horrek bere isla izan du adibidez gure gizarteko elkarte-sarean, herrigintzan, kooperatibismoan, elkartasunean, euskararen aldeko ekitaldietan eta egitasmoetan, ikastolen mugimenduetan, bolondres eta boluntarioen kopuruan€

Hala ere, sistema kapitalista batean murgilduta bizi gara, zeinean interes indibiduala nagusitzen den. Eta sistema hau bizikidetzarako hain garrantzitsua den kontzientzia sozial hori desaktibatzeko tresna eraginkorrena da, kontzientzia konpetentzia bihurtzeko. Koronabirusak ez du bakarrik gure osasun-sistemaren, gure gorputzen edo gure erakundeen osasuna neurtzen. Krisi bati elkarrekin eta bat eginik erantzuteko dugun gaitasuna ere neurtzen du. Termometro honek gure kon-tzientzia sozialaren maila erakutsiko digu. Eta hain justu partiduak bertan behera uzten ari diren garai honetan, heldu da unea inoiz baino ozenago oihukatzeko: "Animo ekipo!".