Tabernan sartu naizenean, zerbitzaria, ile gorriko neska gazte bat, mugikorretik hitz egiten ari da. Telefonotik duen elkarrizketa eten gabe hurbildu zait, bekainak altxatuz. Keinu horrekin zer nahi dudan galdetu didala ulertzen dut. Garagardo bat eskatu diot. Orduan, telefonoz hitz egiteari utzi gabe, belarriaren eta sorbaldaren artean estutu du mugikorra, eta abilezia handiz eutsi dio garagardoa ateratzen duen bitartean. Ez dirudi premiazko elkarrizketa bat, lagun batekin ari da. "Bai, maja", esaten dio noizbehinka. Ordaindu diot, eta mugikorra oraindik belarri eta sorbalda artean duela, bueltak niri eman beharrean beste bezero bati eman dizkio. Ez dago hemen, pentsatu dut. Neska hau beste leku batean dago.

Nire lagun batek esaten duena gogoratu dut: gauden lekuan egotea oso garrantzitsua dela. Eta gauza bat egiten egon eta burua beste leku batean edukitzearen ondorioen adibide gisa, beti kontatzen du egun batean bizikleta zuhaitz batera lotzera joan zela, eta beste zerbait zuenez buruan, zuhaitza bakarrik lotu zuela, bizikleta libre utziz.

Egiten ari zaren horretan arreta ez jartzearen ondorio bat hori da: zure besoak, zure hankak, zure aurpegia ez daudela zure garunarekin koordinatuta. Agian, harreman pertsonaletan azkenaldian gehien eragiten digun gaitzetako bat da. Denok dakigu zer den norbaitekin hitz egiten egotea hark wasapak erantzuten dituen bitartean. Eta arazoa ez da beste leku batean egotea, baizik zauden lekuan ez egotea merezi ez duen beste leku batean egoteko. Izan ere, batzuetan, ihes egiteko baimena dugu: liluratzen gaituen zerbaitekin esnatuta amets egiten dugunean, edo maitemintzen garenean eta beste ezertan pentsatu ezin dugunean, edo asko kezkatzen gaituen konponbide zaileko arazo bat dugunean buruan bueltaka€ Arazoa da leku huts, azaleko, entretenimendu hutseko batera ihes egitea. Arazoa da zure lagunak afari batean esaten dizuna ez entzutea, Instagramera igotzen ari zarelako jaten ari zaretenaren argazki bat.

Baina, tira, nire lagunak dion bezala, denak du bere alde ona. Bizikletaren bila itzuli zenean, jada ez zegoen, lapurtu egin zioten, noski, baina zuhaitza? Zuhaitza ez zuen inork eraman. Han zegoen, ondo lotuta. Eskerrak berari.